"Eredu aldaketa" eskatuko dute sindikatuek Maiatzaren Lehenean
LABek Ondarroan egingo du mobilizazioa, eta ELAk hiriburuetara joateko deia egin du. Lekeitioko eta Mutrikuko herri mugimenduek manifestazioak deitu dituzte herriotan.
Sindikatuek uste dute pandemiak inoiz baino ageriago utzi duela “eraldaketarako premia”, gizarte desberdintasunak areagotu dituelako. Aldaketa dela aukera dio LAB sindikatuak, eta aldaketa garaia dela berretsi du ELAk. Izan ere, egungo sistema “kapitalista eta heteropatriarkalak” prekarizazioa bultzatzen duela uste dute: “Arrakala sozialak areagotzen ditu, eta sektore eta zerbitzu publikoak ahultzen”.
Aurten ere ezohikoa izango da Maiatzaren Lehena. Iaz, sare sozialetan eta etxeetako balkoietan ospatu zuen eguna langile mugimenduak; aurten kalera aterako dira, baina neurriek dakartzaten mugekin. Lea-Artibai eta Busturialdeko LABek mobilizazioa deitu du zapatuan [maiatzak 1] Ondarroan; Zaldupeko Zubian 12:00etan jarri du hitzordua. Halaber, auto karabana egingo dute eskualdean zehar. ELAk, bere aldetik, lau hiriburuetan egingo ditu mobilizazioak. Bilboko mobilizazioa 11:30ean hasiko da.
Aulestin elkarretaratzea antolatu dute zapaturako; 12:00etan plazan batzeko deia egin dute. Lekeitioko herri mugimenduak martxan jarritako dinamika batek, berriz, zapatuko 18:00etarako mobilizazioa deitu du udaletxetik hasita, Lekitton duintasunez bixi! lelopean. Mutrikun ere herriko eragile desberdinek deituta, mobilizazioa egingo dute zapatuan 18:00etan; Goiko Plazan jarri dute hitzordua, eta mobilizazioa amaituta, ekitaldia egingo dute.
“Gaur egungo sistemari ezin zaio eutsi, ez sozialki, ez ekonomikoki, ez ekologikoki. Aldaketak saihestezinak dira. Jokoan dagoena, eztabaidagai dagoena, aldaketa horiek zein norabidetan egin behar diren da, eta horretara bideratu behar dira politika publikoak. Kapitala edo bizitza aukeratu behar da”, adierazi du LAB sindikatuak, eta zaintza, lana, bizitza eta herria jarri ditu eraldaketaren oinarrian.
ELAren ikuspegia. Zirt edo zart egiteko garaia da ELAkoentzat. “Datozen aste eta hilabeteetan hartuko diren erabakiek markatuko dute krisialdiari zer nolako irteera emango zaion”. Erabaki horien artean dago Europako Batasunaren suspertze funtsen banaketa. “Murrizketak eragingo dituzte. Espainiako Gobernuak pentsioak urritu nahi ditu, eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu. Europako Batasunaren trantsizio ekologiko delakoak multinazionalen makroproiektuak lehenesten ditu, murrizketatean oinarritutako aurrekontu politikak ezartzearen truke”. Lan erreforma bertan behera uztea “ezinbestekoa” dela ere nabarmendu dute ELAkoek.
Lekeitioko herri mugimendua, kalera. Lekeitioko herri mugimenduak bultzatuta, herria borroka sozial desberdinen elkargunea izango da Maiatzaren Lehenean. “Aldaketa sozialaren eta burujabetzaren alde gauden gehiengo sozial zabala saretu eta Lekeition duintasunez bizi nahi dugula aldarrikatzeko eguna izango da”. Sektore desberdinen artean antolatu dira, bakoitzaren aldarrikapenak lehen lerroan jartzeko.
Gazteei erreparatuta, euren artean “lan prekarioa” dela nagusi uste dute. “Lekeitio turismora bideratuta dago, eta gazteok gara horri eusteko esku lan merkea. Gazteok ezin dugu emantzipatu lan egonkorrik ez dugulako. Lekeition ikasi, lan egin eta bizi nahi dugu, biana horretarako politikak ez dira gazteokin adosten”.
Zaintzaren berrantolaketa soziala “ezinbestekotzat” jo dute, eta horretarako sistema publikoko pribatizazioekin amaitzea eskatu dute: “Emakume migratu eta arrazializatuok gure gorputzekin ari gara sustengatzen publikoa beharko lukeen zaintza sistema. Mendekotasuna duten pertsonak etxean zaintzen dituzten langileon eskaera argia da: arreta soziosanitarioa profesionalitzatzea, etxeko enplegutik bereiztea eta lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen kolektiboa lortzea”.
Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak ere eskualde mailako ekitaldia egingo du Lekeitioko Merkatu Plazan, 12:30etan. Haien esanetan, “iraganeko eta oraineko borroken arteko joskura” osatzen du Maiatzaren Lehenak langileria borrokalariarentzat, eta “despolitizazioa eta desmobilizazioa hain orokortuak diren garai honetan beharrezkoa da azpimarratzea sozialismoaren eraikuntza dela askatasunerako aukera erreal bakarra”.