Eusko Labeldun lehen antxoa garauak saltzen hasi dira Ondarroan
Santurtziko 'Gure Imanol' ontziak kamioian bidalitako 30 antxoa kaxa "oso freskotasun ona" sailkapenagaz ailegatu dira arrandegietara.
Eusko Label etiketa daramaten lehen antxoa garauak merkaturatzen hasi dira euskal portuetan. Ondarroako lonjako bentan gaur [apirilak 29] goizean saldu dituzte kalitate ziurtagiri berria daramaten lehen antxoa kaxak. Zehazki, Santurtziko Gure Imanol baxurako ontziak arrantzatutako eta freskorako saldu diren 30 antxoa kaxari ipini diete zigilu bereizgarria.
Kantabriako uretan arrantzatutako arraina Santurtzin bertan lehorreratu ostean, kamioian bidali dute Ondarroara; 1.055 kaxa bidali dituzte. Kantauriko baxurako arrantzaleek euren buruari jarritako mugak tarteko, asteon ez dute antxoarik saldu bentan, eta lonjara iritsi orduko ikusmin handia sortu du erosleen artean.
Oro har, neurri txikiko antxoa bidali dute, kiloan 58 aleko inguruko tamainakoa, eta merke saldu da. Sortarik garestiena kiloa 1 euroan saldu da eta merkeena, 44 zentimotan. Erosleek kaxa gutxi batzuk erosi dituzte freskorako, 30 denetara, eta horiek izan dira “oso freskotasun ona” sailkapenagaz arrandegietara ailegatu direnak; gainontzeko 1.025 kaxak izozteko saldu dira.
Bizkaiko, Gipuzkoako, Kantabriako, Asturiasko eta Galiziako baxurako arrantzaleek antxoeta ahal bezainbeste luzatzeko nahiagaz jarritako mugak bere horretan mantenduko dira hurrengo egunetan ere. Biharko [apirilak 30], esaterako, bandera ezarriko diote antxoari. Neurria aurreko astean sartu zen indarrean, eta baliteke kostera amaitu arteko barikuetan mantentzea. Arrantza guneek ere murriztuta jarraiko dute; hala, ezingo da Santanderretik Hondarribiarako tartean antxoarik arrantzatu.