Fran Garagarza mutrikuarrak ez du Eibarren jarraituko
Mutrikuarrak eta klub armaginak ekainaren 30ean amaituko den hitzarmena ez luzatzea adostu dute. Futbol profesionalean klub berean denbora gehien egin duen kirol zuzendaria da.
Fran Garagarza mutrikuarrak ez du jarraituko Eibar Kirol Elkarteko Kirol Zuzendari modura datorren denboraldian, administrazio kontseiluak eta teknikariak hala erabakita. Kirol zuzendari mutrikuarrak eta klub armaginak ekainaren 30ean amaituko den hitzarmena ez luzatzea adostu dute.
2011n hartu zuen Eibarko Kirol Zuzendaritzaren ardura. Aurretik taldeko beheko mailetako entrenatzailea eta koordinatzailea izan zen, baita lehen taldeko bigarren entrenatzailea ere. Gizonezkoen lehen taldeko Kirol Zuzendari modura aritu den hamar urteetan lan “bikaina” egin du: taldea Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igo zen 2013an eta hurrengo denboraldian Lehen Mailara igo zen; ordutik lehen mailan mantendu da.
Mutrikuarra Eibarren “urrezko garaiaren” eragile nagusietako bat izan dela azpimarratu du klub armaginak. Urte hauetan guztietan egindako “lana eta profesionaltasuna” eskertu dizkiote, eta etorkizunerako zorterik handiena opa. “Hamarkada honetan, kirol zuzendari gisa, Garagarzak asko lagundu du klubaren arloa profesionalizatzen. Gaur egun, futbol profesionalean klub berean denbora gehien egin duen kirol zuzendaria da”.