Almeriatik Zuerara lekualdatuko dute Lexuri Gallastegi preso mutrikuarra
Almeriako kartzelako Tratamendu Batzordeak “bigarren gradura igarotzea” eta Zaragozako espetxera lekualdatzeari oniritzia eman dio.
Espainiako Espetxe Erakundeek hurbilketa bakarra iragarri dute gaur [maiatzak 7]: Lexuri Gallastegi Sodupe preso mutrikuarrarena. Gaur egun Almeriako (Andaluzia, Espainia) espetxean dago, Mutrikutik 1.000 bat kilometrora, eta Zuerara (Zaragoza, Espainia) lekualdatuko dute, etxetik 250 bat kilometrora.
Preso mutrikuarra 2010eko martxoaren 4an espetxeratu zuten eta 2031ko ekainean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Espainiako Espetxe Erakundeek jakitera eman dutenez, Almeriako kartzelako Tratamendu Batzordeak “bigarren gradura igarotzea” eta Zaragozako espetxera lekualdatzeari oniritzia eman dio.
Beste lekualdatze tekniko bat ere ere iragarri dute: Karlos Apeztegia Jakarena. Duela aste batzuk Ocañatik Iruñeko espetxera ekarri zuten, baina azkenean berak eskatu bezala Martutenera lekualdatuko dute. Bi hurbilketa horiez gain, beste bi presoren egoera malgutuko dute. Idazkaritza Nagusiak espetxe araudiaren 100.2 artikulua ezarriko die Javier Perez Aldunateri eta Joseba Segurolari. Horrela, malgutu egingo zaizkie bigarren graduan dauzkaten baldintzak.