Itxiera perimetrala eta etxeratze agindua bertan behera utzi ditu EAEko Auzitegi Nagusiak
Epaileak erabaki du alarma egoeraren legea indargabetu eta gero Jaurlaritzak ez duela eskumenik herritarren mugikortasuna mugatzeko. Etxeratze agindua ezartzeko modurik ere ez duela ere zehaztu du.
Irizpidea eman du auzitegiak, eta Jaurlaritzak esanda dauka auzitegiaren erabakiari ez diola helegiterik jarriko. Beraz, domekatik aurrera itxiera perimetralak agintzeko eskumenik ez du edukiko Eusko Jaurlaritzak, ez autonomia erkidegoarentzat, ez herrialdeentzat, ez eta herrientzat ere. Alarma egoera zapatutik domekarako gauerdian bukatuko da; beraz, domekatik aurrera [maiatzak 9] libre izango da mugitzea batetik bestera, ezusteko handiren bat gertatzen ez bada bitartean. Etxeratze agindua ere bertan behera geratuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta bilkurak lau lagunetara mugatzeko debekua ere kendu egin du auzitegiak.
Administrazioarekiko Auzien Salako epaile nagusi Luis Garridok eman du ebazpena; otsailean eremu gorriko tabernak ixteko debekua kendu zuen epaile bera da.
Jaurlaritzaren Labi batzordeak gaur [maiatzak 7] 16:30ean dauka bilera, eta horretan erabakiko du bere asmoak nola egokitu. Okerrik ezean, zapatuan argitaratuko du aldizkari ofizialean, eta domekan sartuko da indarrean dekretu berria, baina ezingo ditu herritarren joan-etorriak mugatu. Nafarroako Gobernuak dagoeneko esanda dauka herrialdetik ateratzeko aukera emango diela bertako bizilagunei, beraz Hego Euskal Herrian joan-etorriak libre izango dira domekatik aurrera.
[Jaurlaritzak onartu egin du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia]
Eusko Jaurlaritzak dekretua egokitu beharko du argitaratu aurretik, eta Labiren bileran hori egitea espero da. Joan den martitzenean auzitegira igorri zuen dekretuaren zirriborro bat, auzitegiak argitaratu aurretik aztertu zezan horretan proposatutako neurriak legezkoak ote ziren, urriaz geroztik Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren legeak eman baitie, orain arte, oinarrizko eskubideen murrizketa horiek egiteko aukera. Administrazioarekiko Auzien Salako epaile nagusi Luis Garridok eman du ebazpena; otsailean eremu gorriko tabernak ixteko debekua kendu zuen epaile bera da.
Dekretuaren zirriborroak proposatzen zuena. Auzitegiaren epaia jasota, orain zirriborroa egokitu beharko dute, eta larunbata arte ez da haren eduki zehatza ezagutuko, orduan argitaratuko baita aldizkari ofizialean. Jaurlaritzak martitzenean auzitegiari igorri zion dekretuaren zirriborroan proposatzen zuen orain arteko murrizketa berekin jarraitzea, eta intzidentzia tasaren arabera itxiera perimetralak ezartzeko aukera jasotzen zuen, besteak beste.
Fiskalak eguaztenean aurreratu zuen bere jarrera. Jaurlaritzaren txostena aztertuta, iragarri zuen ez zituela legezkoak ikusten herritarren mugikortasuna mugatzeko proposamenak, ez lurralde artean mugitzeko, ez ordutegiak mugatzeko ere. Etxeratze agindua ezar zitekeela ere zalantzan jarri zuen beraz. Legelariek eta adituek ere esana dute igandetik aurrera «ziurgabetasun» egoera bat sor litekeela, ez baitago argi egoera berrirako helduleku juridikoak zeintzuk izango diren.