Lekualdatu dute Julen Atxurra ‘Pototo’ preso lekeitiarra
Goizean atera dute Madrid VI-Aranjuez espetxetik anbulantzian, eta arratsaldean ailegatu da. Bigarren graduan egongo da hemendik aurrera.

Preso lekeitiarraren hurrekoek HITZAri jakitera eman diotenez, gaur [maiatzak 10] lekualdatu dute Santoñako (Kantabria, Espainia) El Dueso kartzelara, etxetik 120 bat kilometrora. Goizean atera dute Madrid VI-Aranjuez espetxetik anbulantzian, eta zazpi bat orduko bidaia egin ostean, arratsaldean ailegatu da. “17:00ak bueltan gurasoei deitu die telefonoz, ailegatu dela esateko”.
Espainiako Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak urtarrilaren 22an iragarri zuen lekualdaketa eta hiru hilabete eta erdi beranduago gauzatu da, anbulantzian lekualdatzeko izapideak direlako. Lehenengo graduan 25 urte egin ostean, bigarren graduan egongo da hemendik aurrera.
Urtebetean bigarrenez lekualdatu dute lekeitiarra. Iaz, ekainean, Puerto I (Cadiz, Espainia) kartzelatik Aranjuezera eraman zuten. Garuneko isuria jasan zuen iazko maiatzaren 13an, eta maiatzaren 21era arte Puerto Realeko unibertsitate ospitalean egon ondoren, berriro kartzelara eraman zuten.
Julen Atxurra Egurrola 1996ko uztailean espetxeratu zuten Frantzian, eta 2013ko azaroaren 28an lekualdatu zuten Espainiako kartzeletara 30 urteko zigorra betetzeko; 2034ko apirilean beteko ditu zigorraren 3/4ak Espetxe Zuzendaritzak emandako datuen arabera.