EAJk Ondarroako batzokiaren aurkako erasoa salatu du
'PNV faxistak' eta 'PNV lotu txakurrak' mezuak eta Ertzaintzaren aurkako kartelak agertu dira batzokiaren aurrean. Ertzaintzak ikerketa hasiko duela azaldu du Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak. Ernaik bere gain hartu du ekintza, gazteak "larrialdi egoeran" daudela aldarrikatzeko.
Zapatu [maiatzak 15] gauean Ondarroako batzokiaren aurka egindako erasoa salatu du Bizkai Buru Batzarrak. Domeka [maiatzak 16] goizaldean Elorrioko batzokiak ere antzeko erasoa jasan zuela esan dute. Bi batzokien fatxadetan PNV faxistak eta PNV lotu txakurrak mezuak idatzi zituzten ezezagunek. Horrez gain, Ertzaintzaren aurkako kartelak eta txakurrentzako erabiltzen diren bozalak, uhalak eta hezurrak ere agertu ziren egoitzen aurrean. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak sare sozialetan iragarri duenez, Ertzaintzak ikerketa abiatu du.
Ondarroako eta Elorrioko erasoak “denboraz kanpoko jokaera ulertezinak” direla salatu du Bizkai Buru Batzarrak
Alderdi jertzaleak salatu duenez, ekintzek Ernairen sinadura daramate. “Ekintza hauek Ernaik izenpetu ditu. EAJren Bizkaiko exekutibak jarduera antolatu eta kolektibo hauek berehala etetea exijitzen du. Ekintzak azken egunotan lurraldeko batzokidek pairatu duten jazarpen, mehatxu eta hertsapen kanpainaren barruan egin dira”. Gogorarazi dutenez, aurreko astean ere Lemoa, Bedia, Bilboko Alde Zaharra, Mungia eta Sabin Etxeko batzokiek ere antzeko erasoak jasan zituzten.
BBBk “irmotasun osoz” gaitzetsi ditu bi erasoak eta “denboraz kanpoko jokaera ulertezinak” direla dio. “Halako jokaerak erabat onartezinak eta gaitzesgarriak dira, eta agerian uzten dute euskal gizartea iraganeko denboretara eramatearekin tematuta dauden pertsonen ahultasun politikoa eta kultura demokratikorik eza”.
Ernairen erantzuna. Ernaik sare sozialetan azaldu duenez, gazteak “larrialdi egoeran” daudela aldarrikatzeko egin dituzte ekimenak. “Maiatzaren 7an ehunka gaztek Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu genituen, larrialdi egoeran gaudela salatu eta gazteok bizi dugun prekarietate egoeragaz behingoz amaitzeko. Bilbon eta Gasteizen Ertzaintzak oldarkor jo zuen manifestarien aurka eta guztira 8 atxilotu eta 65 zauritu utzi zituzten. Ertzaintzaren jokabide horiek ezin dira ardura politikorik barik geratu”.
“Eredu polizialaren errebisioa egin” eta gazteak “kriminalizatuak izan direla onartzea”, eta gazteen larrialdi egoeragaz amaitzeko “neurri errealak” hartu behar direla aldarrikatzeko egin dutela ekimena jakitera eman dute, besteak beste. “Geldik eta ixilik nahi gaituzte. Baina gazteok bizi dugun larrialdi egoera kaleetan salatzen eta borrokatzen jarraituko dugu”.