Ondarroako Gaztetxeak egoerara egokitutako 13+18 urteurren jaia ospatuko du
Gaztetxea abian ipini zutela ospatzeko zerbait xumea egingo dute. Bi asteburutan banatuta, hiru egunetara mugatu dituzte ekintzak. Lehen kontzerturako sarrerak agortuta daude.
Ospakizun bete-betean sartuta daude Ondarroako Gazte Asanbladako kideak. Proiektuak 13+18 urte betetzen dituela eta, urteurren bereziagaz lotutako zenbait ekintza antolatu dituzte maiatzaren 22tik 29ra bitartean. COVID-19ak baldintzatuta, jaia bestelako eran ospatu beharko badute ere, urteurrenari kolorea ematen ahaleginduko direla eta euren “betiko izateari” eutsiko dietela aurreratu dute.
Urteurren jaiagaz Gaztetxearen “ohiko bizitasuna berreskuratu” nahi dutela nabarmendu dute. “Egoera dagoen modura egonda ere, Gaztetxean gauzak antolatu ahal direla ikusarazi nahi dugu; urteurrena horretarako aitzakia perfektua izango da”. Antolatu dituzten ekintzetan, gainera, belaunaldi desberdinetako jendea batzeko asmoa ere badute. “Kontzertuak horren adibide garbia izango dira. Belaunaldi desberdinetako jendea espazio berean batzea berezia izango da; horrek bere xarma daukala iruditzen zaigu”. Osagarri horiekin guztiekin, urteurrena ondo ospatzea dute helburu antolatzaileek.
Doe talde ondarrutarreko gazteek estreinako kontzertua Gaztetxeko oholtzan emango dute
Antolatu dituzten bi kontzertuekin herriko musikarien aldeko apustu sendoa egin dute; egitarauan herriko taldeei lekua egitea garrantzitsua iruditu zaie. Zapatuan [maiatzak 22] eskainiko duten lehen kontzertuko protagonistak Gatz eta Braulio taldekoak izango dira. Aurreratu dutenez, kontzertu horretarako sarrera guztiak agortuta daude. “Herriko taldeek jo behar zutela ikusita, herritarrek ondo erantzun dute. Jendea kontzertu gosez dago. 40 minutuan sarrera guztiak agortu ziren”.
Maiatzaren 29an, berriz, musikari gazteagoen txanda izango da: Dena eta Doe taldeek eskainiko dute zuzenekoa. Doe taldekoek, gainera, estreinako kontzertua emango dute. “Duela urtebete inguru sortu zen taldea, eta oholtza bat zapaltzeko aukera bertan edukiko dute”. Sarrerak domekan [maiatzak 23] ipiniko dituzte saltzen Gaztetxean bertan, 18:00etatik 20:00etara.
Kontzertuez gain, pala txapelketa, bazkaria eta bi aurkezpen ere egingo dituzte. Zigor Garrok, esaterako, Klandestinitatea izeneko hitzaldia eskainiko du zapatuan [maiatzak 22]. Ander Berrojalbizek eta Javier Rodriguez Hidalgok, berriz, COVID-19ari buruzko hartu diren erabakiei buruzko hausnarketa egiten duen Los penultimos dias de la humanidad liburuaren aurkezpena egingo dute maiatzaren 28an.
EGITARAUA
- Maiatzak 22, zapatua
- 11:00. Klandestinitatea hitzaldia. Hizlaria: Zigor Garro.
- 18:00. Kontzertua: Gatz eta Braulio (Oharra: 17:50ean ate itxiera. Sarrerak agortuta daude).
- Maiatzak 28, barikua
- 17:00. Los penultimos dias de la humanidad liburuaren aurkezpena. Hizlariak: Ander Berrojalbiz eta Javier Rodriguez Hidalgo.
- Ostean. Txokolate jana.
- Maiatzak 29, zapatua
- 12:00. Pala txapelketa, herriko frontoian.
- 14:30. Bazkaria (sare sozialetatik egingo dute izena emateko deialdia).
- 18:00. Kontzertua: Dena eta Doe (Aurresalmenta: maiatzaren 23an, 18:00etatik 20:00etara. Pertsonako bi sarrera gehienez).