Erabakitzeko eskubidearen aldeko 'Altxa!' ekitaldia Ondarroara ere ailegatuko da
Maiatzaren 29ko ekitaldirako sarrerak zapatuan [maiatzak 22] hasiko dira saltzen. Sarrerak Gure Eskuren lokalean erosi daitezke 5 euroren truke.
Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimenduak lortu eta eskakizun hori gauzatzeko sinadura bilketari bultzada emateko Altxa! ekitaldia egingo dute maiatzaren 29an Bide Onera zinema aretoan. Gure Esku dinamika eta beste hainbat eragile batzen dituen Hamaika Gara egitasmoak prestatutako saioa 19:00etan hasiko da.
Deialdi nazionala zapatu honetarako [maiatzak 22] eginda badago ere, Ondarroan astebete beranduago egingo dute Altxa! ekitaldia. “Berez, azaroaren 7an egin behar genuen ekintza, baina osasun egoera tarteko, bertan behera geratu zen. Orain, ostera, indarrean dauden neurriak beteta ekitaldia egiteko moduan gaudela iruditu zaigu”.
Sarrera erosten dutenek Hamaika Gara kanpainaren eskumuturreko bereizgarria jasoko dute opari
Ekitaldi xumea baina “emozioz betetakoa” izango dela iragarri dute antolatzaileek. Mikel Etxaburuk eta Keu Agirretxeak girotuko dute; poesia eta musika uztartzen dituen saio berezia eskainiko dute. Altxa! ekimenaren barruan egindako bideoa ere proiektatuko dute. “Beste hainbat ekitalditan proiektatuko den bideo bera proiektatuko dugu Ondarroan ere. Zinema aretoko proiektorea ez dabilenez, Olee kultur elkarteko kideak arduratuko dira bideoa euren proiektoreagaz emateaz”. Gaineratu dutenez, Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileak ere parte hartuko du ekitaldian.
COVID-19ak baldintzatutako ekitaldia izango da, eta segurtasun neurriak zorrotz beteko direla azpimarratu dute. Lekuak mugatuta egongo direnez, ekitaldia ikustera joateko sarrerak aurretiaz eskuratu beharko dira; 210 sarrera ipiniko dituzte eskuragarri. Txartel bakoitza 5 euroren truke erosi ahalko da; sarrera erosten dutenek Hamaika Gara kanpainaren eskumuturreko bereizgarria jasoko dute opari. “Sarrera erosterako orduan, zein aulkitan jarri nahi den aukeratu ahalko da. Beraz, zenbat eta arinago etorri sarrera erostera, leku hobea aukeratzeko aukera egongo da”.
Sarrerak Gure Eskuren lokalean (Antiguako Ama, 2) eskuratu ahalko dira honako egun eta orduetan: zapatuan [maiatzak 22] 12:00etatik 14:00etara eta maiatzak 26an, 27an eta 28an, 18:00etatik 20:00etara. Sarrerekin batera Hamaika Gararen material berria ere ipiniko dute salgai. “Egon den egoeragaz materiala saltzeko aukerarik ez dugu eduki. Orain nahi duenak askotariko material berria erosteko aukera edukiko du”.