Uztailean emango dituzte euskararen erabilerari buruzko Ondarroako datuak
Boluntarioak hiru astez ibili dira kale neurketak egiten. Ikerketak azken urteotako erabileraren bilakaera zelakoa izan den jakiteko balioko du.
Uemako kide diren udalerrietan euskararen erabilerari buruzko kale neurketak egiten ari dira. Tartean, Ondarroan ere egin dute neurketa, Uemaren, Soziolinguistika Klusterraren eta udal euskara batzordearen arteko elkarlanari esker. Boluntario modura aurkeztu diren euskara batzordekideak hiru astez ibili dira kale neurketa egiten; iragarri dutenez, uztailean ezagutaraziko dituzte emaitzak. “Boluntarioak kalean egon dira, eta entzuten zituzten elkarrizketetan erabilitako hizkuntza aplikazio batean erregistratu dute. Gero lagin horretatik aterako dira emaitzak”.
Ikerketak euskararen azken urteotako erabileraren bilakaera zelakoa izan den jakiteko balioko duela azaldu du Arantza Atxurra Aranguren euskara zinegotziak. “Ondarroa beti izan da euskararen arnasguneetako bat. Euskara batzordetik argi daukagu eguneroko keinu txikietatik zein erakundeetatik bultzatu behar dela euskararen erabilera. Gu, Ondarroan, euskaraz bizi gara, eta altxor hori zaindu eta zabaldu egin behar dugu”. Kale neurketa egiten aritu diren boluntarioen lana ere eskertu nahi izan du. “Oso eskertuta gaude. Mila esker”.