Hasita daude Ondarbeltz eta Urazamendik batuko dituen pasealekuko lanak
Lanak Contrucciones Moyuari esleitu dizkiote eta urrirako amaituta egongo dira. Momentu honetan ibaiaren aurka joango den harri lubeta eraikitzeko lanak egiten hasi dira, Reiner eraikinaren atzealdeko eremuan.
Egunotan hasi dituzte Mutrikuko Ondarbeltz hondartzako aparkalekua eta Urazamendik kaleko 10. atariaren aurrea batuko dituen oinezkoen pasealekuko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek zehaztu dutenez, lanak Contrucciones Moyuari esleitu dizkiote eta urrirako amaituta egongo dira. “Bost lizitzaileren eskaintzak aztertu ondoren, euren eskaintza onartu da. 416.555,01 eurotan onartu da esleipena eta 20 asteko exekuzio epea du. Maiatzaren 13an hasi ziren lehen lanekin eta irailaren 29rako amaituta egotea aurreikusten da”.
Gaineratu dutenez, esleipenarekin batera beharrezko izapideak ere burutu dituzte. Tartean, portuari dagokion jabari publikoan lanak gauzatzeko egin beharrekoak ere burutu behar izan dituzte.
460 metro edukiko ditu pasealekuak eta estuarioaren ibilbidea jarraituko du. Momentu honetan ibaiaren aurka joango den harri lubeta eraikitzeko lanekin hasita daude. Zehatz esanda, Reiner enpresa zenaren eraikina dagoen atzealdeko eremuan hasi dira makinak lanean.”Tarte hori, hain zuzen, obra honek duen zailtasunik handieneko gunea da. Oinezkoentzako bidea egiteaz gain, kolektore berriko hodia ere bertan txertatuko da; hodi hori gaur egun dagoen ur zikinen sarearekin lotuko da gero”.