Mikel Stevenson ondarrutarra zilarragaz bueltatu da Espainiako Jiu-Jitsu Kopatik
Jon Arrizabalaga ondarrutarrak, berriz, bosgarren postua eskuratu du. Gerriko urdinagaz 82,3 kilo azpiko kategorian aritu dira biak, Gi diziplinan. Jiu-Jiutsuan aritzen diren bi kirolariek Valentziako ADCC torneoan ere parte hartu dute asteburuan.
Matienako ZR Basque Contry taldeko Mikel Stevenson Arantzamendi eta Jon Arrizabalaga Osoro ondarrutarrek zapatuan [maiatzak 22] Valentziako Lluis Puig belodromoan lehiatu zen Espainiako Kopan parte hartu zuten. Gerriko urdinagaz 82,3 kilo azpiko kategorian aritu ziren biak, Gi (kimonodun) deritzon diziplinan. Stevenson zilarrezko dominagaz bueltatu zen etxera eta Arrizabalaga, berriz, final-erdia jokatzeko atarian geratu zen; bosgarren amaitu zuen sailkapenean.
Stevensonek azaldu duenez, puntu kopuruagatik galdu zuen finala; Amado de Jesus Aguilar Wade ezin izan zuen garaitu. Azken borrokaldia nahikoa parekatuta hasi zuen, baina denborak aurrera egin ahala irabazteko aukera eta denbora agortzen zeudela ikusita, estrategia aldatu eta denak ematen saiatu zen. Irabazteko ahaleginak eta bi egin bazituen ere ezin izan zuen aurkaria gainditu. “Gutxigatik galtzen nihoan, eta denbora aurrera zihoala ikusita, arriskatzea erabaki nuen. Hor akats asko egin nituen eta puntuak aurkariaren alde joan ziren”.
Arrizabalaga, ostera, final-laurdenetan kaleratu zuten. “Tatami gainean lan ona egin nuen, baina esperientziarik ezak eragindako akats batzuk egin ostean, aurkariak abantaila hartu zidan. Puntu kopuruagatik galdu nuen borrokaldia”.
Jiu-Jitsuan aritzen diren bi ondarrutarrek, beste proba batean ere parte hartzeko aukera eduki dute asteburuan. Zehazki, Valentziako ADCC (Abu Dhabi Combat Club) torneoa lehiatu zuten domekan [maiatzak 23]. Stevensonek 76 kilo azpiko kategorian parte hartu zuen eta Arrizabalagak, aldiz, 83 kiloz azpikoan. Biak No Gi (kimono gabe) diziplinan aritu ziren.
Emaitzarik onena Stevensonek lortu zuen; final-laurdenetan kaleratu zuten puntu kopuruagatik. “Konfiantza handiagaz borrokatu nuen. Lehen bi borrokaldiak oso azkar irabazi nituen; minutu eta erdi aurretik. Hirugarren borrokaldian, berriz, gehiago egin ahal nuen sentsazioagaz geratu nintzen”. Arrizabalagak, ostera, bigarren borrokaldia ezin izan zuen irabazi; final-zortzirenetan kaleratu zuten.
Bi txapelketetan, oro har, gustura ibili direla azpimarratu dute. 2020ko martxotik lehiatu gabe egon ostean, berriro lehiaketa batean parte hartzeko aukera edukitze hutsagaz pozik daudela esan dute. “Lehiatzeko gogoa genuen, egia esan. Tatami gainera irten eta norbere burua zelan dagoen probatzea nahi izaten dugu. Halako txapelketetan asko ikasten da”.