Mutriku-Deba zubia birgaitzeko lanei buruzko hitzaldia antolatu dute
Mutrikuko eta Debako herritarrei dago zuzenduta eguaztenean [maiatzak 26] Debako osoko bilkura aretoan eskainiko duten hitzaldia. Berbaldia grabatu egingo da.
Mutriku eta Deba lotzen dituen oinezko zubia birgaitzeko lanei buruzko hitzaldia emango dute eguaztenean [maiatzak 26], 18:00etatik aurrera, Debako osoko bilkura aretoan. Solasaldiaren helburua Mutrikuko eta Debako herritarrak informatzea dela esan dute Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek. Zehazki, obrak egunerokoan eragin ditzazkeen gorabeherei buruzko informazioa emango dute berbaldian.
Honakoek parte hartuko dute solasaldian: Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak, Gilen Garcia Debako alkateak, Maria Jose Telleria kulturako foru zuzendariak eta Francisco Javier Leon Gonzalez zubia zaharberritzeko proiektuaren egileak eta Ingelan-Fhecor enpresako obra zuzendariak. Antolatzaileek iragarri dutenez, hitzaldia grabatu ere egingo dute, “bi herritako bizilagunek hala nahi dutenean hura kontsultatzeko aukera eduki dezaten”.
Zubia desmuntatu eta berreraikitzeko bigarren faseko lanak hasita daude; apirilaren 14an hasi zuen obra Moyua-Harri aldi baterako enpresa elkarteak eta hamar hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusten dutela esan du aldundiak. Herritarrak eta bisitariak proiektuaren faseei buruz informatuta edukitzeko, gainera, informazio puntu bat ere ipiniko dute laster obra gunean bertan; obren exekuzioa zein egoeratan dagoen erakutsiko dute etxola batean ipinita egongo diren informazio kartelen bidez.