Europako Geoparkeen Asteak bi ekintza dakartza Mutrikura
Ekainaren 6ra bitartean, Europako Geoparkeen Astea ospatuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak Mutrikun, Deban eta Zumaian. Mutrikuko ekimenak ekainaren 2an, 4an eta 5ean egingo dituzte.
Karst and caves lelopean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau berezia prestatu du. Zientzia, kultura, natura eta ondarea ardatz hartuta, doako hainbat ekintza egingo dituzte datozen egunetan Mutrikun, Deban eta Zumaian. Zehaztu dutenez, honako bi ekintzak egingo dituzte Mutrikun: atea irekiak jardunaldiak Nautilusen eta Goienetxe gaztandegira bisita.
Ekainaren 2an eta 4an duela gutxi inauguratu duten Nautilus Ikerketa eta Didaktika Gelaren ate irekien jardunaldiak egingo dituzte, “Geoparkeko ondare paleontologikoa herritarrei hurbiltzeko”. Ekintzan parte hartzen dutenek Jesus Mari Narvaez eta Esperanza Azkarraga bildumagileek Mutrikuko Flysch Beltzaren labarretatik ateratako 150 ammonite erraldoien bilduma ikusteko aukera edukiko dute.
Ekainaren 2an arratsaldez (18:00etan, 18:30ean eta 19:00etan) egingo dituzte ate irekien jardunaldiak eta ekaineren 4an, berriz, goizez (12:00etan, 12:30ean eta 13:00etan). Egoera dela eta, izen ematea beharrezkoa izango da Mutrikuko Udalaren web orrialdean bisitaren ordutegiak eta taldeak antolatzeko; bisita bakoitzeko gehienez, sei laguneko taldeak osatuko dituzte.
Mutrikun egingo diren bi jarduerez gain, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ekimen gehiago prestatu ditu. Geoparkearen atarian kontsulta daiteke egitarau osoa
Ekainaren 5ean, berriz, Goienetxe gaztandegia: karsteko zaporeak bisita gidatua eskainiko dute. Olatz auzoko San Isidro elizaren aurrean 11:00etan batzeko hitzordua ipini dute eta bi orduko txangoan parte hartzen dutenek Goienetxe euskal baserri tipikoa bisitatu eta artalde bat ikusteko aukera edukiko dute. Bertaratzen direnek, gainera, gaztagintza ezagutu eta gazta dastatzeko aukera ere edukiko dute, betiere, indarrean dauden segurtasun neurri guztiak errespetatuz.
12 lagunentzako tokia dago irteera horretan eta aurrez izena ematea beharrezkoa dela gogorarazi dute. Erreserbak Geoparkeren webgunean egin behar dira eta geoparkeaste deskontu kodea ipini behar da erreserba doan eskuratzeko.
Mutrikun bertan egingo dituzten bi jarduera horiez gain, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ekimen gehiago prestatu ditu datozen egunetarako. Besteak beste, honakoak egingo dituzte: Arbilera oinezko irteera, Aixa kolazulora espeleologia irteera, orientazio proba familientzat. Geoparkearen atarian kontsulta daiteke egitarau osoa eta izen emateak ere Geoparkearen webgunearen bitartez egin behar dira.