Ondarroako naturguneak auzolanean garbitzeko ekintza antolatu dute
Ondarroako Udalaren ekimenez, udalerriko hainbat naturgune garbituko dituzte ekainaren 13an auzolanean. Besteak beste, honako lekuak garbitzeko asmoa agertu dute: Tontorramendira doan bidea, ibaiertza, kostaldeko bidea, Antigua baselizako atzealdea eta Errenteriara doan bidea.
Herriko hainbat naturgunetan zamarrak eta zikinkeria pilatzen hasi direla ikusirik, garbitzea erabaki du Ondarroako Udalak. “Aspaldian, COVID-19aren pandemia hasi zenetik batez ere, herritarrek ohikoak ez ziren ibilbideak egiteko ohitura hartu dute. Horrek Ondarroan dauden paraje askotan zamarrak edo zikinkeria pilatzea eragin du, herriko hainbat naturgune kaltetuz”.
Esan dutenez, helburu bikoitza du antolatu duten ekintzak. “Alde batetik, herritarren artean ingurua garbituko dugu, kirola eginez eta herriko parajeak ezagutuz eta, bestetik, belaunaldi berriengan kontzientziazio lana egitea da gure nahia”.
Garbiketa lanetan lagundu nahi duten herritarrek hitzordua jarrita daude: 09:30ean batuko dira Alamedan. Bertan parte hartzeko ez da izenik eman behar, iragarritako orduan Alamedara agertuta nahikoa izango dela esan dute. Batzen den jendearen arabera, taldeak sortu eta garbitu beharreko lekuak banatuko dituzte. Ekintzan parte hartzera animatzen direnek ez dute ezer eraman beharko, garbiketa egiteko beharrezko material guztia udalak jarriko du eskuragarri.
Auzolana amaitu ostean, bildutakoa herritar guztiek ikusteko moduan lagako dute Alamedan
Udal ordezkariek ekintzan parte hartuko dutela aurreratu dute, eta herritar, familia eta bestelakoak ere ekintzan parte hartzera animatu dituzte. “Herritarrei eskatzen diegu auzolan honetara batzeko, denon artean apur bat eginez ingurua garbitzeko ekintza polita izango da. Adin guztietako jendearentzat egongo da zeregina, eta herriko taldeei ere auzolan honetan parte hartzeko deia egin zaie. Denon laguntza izango da eskertzekoa, badago eta non garbitu”.
Auzolana amaitu ostean, 12:30ean Alamedan elkartu eta batutako zaborra bertan lagako dute, “herritarrak kontzientziatzeko”. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak azpimarratu duenez, duela urte batzuk “sarriago” egiten ziren halako ekintzak. “Auzolanean leku bat edo bestea garbitzera joan eta gero bildutakoa herritar guztiek ikusteko moduan lagatzen zen, denok hausnartu dezagun gizarte moduan zer egiten ari garen”.