Ane eta Nora Agirre: "Gure barruak begiratzean aurkitutako erantzunen emaitza da diskoa"
‘Barrura begira' izenagaz, estudioko bigarren sorkuntza kaleratu dute Ane eta Nora Agirre ahizpek. Jaso dituzten kantu propioak oholtzan abesteko ilusio berezia daukatela aitortu dute.
Zelan deskribatuko zenukete Barrura begira lana?
Ane Agirre: Azken hiru urteotan gertatu zaizkigun gauza ezberdinetatik ikasitako bizipenen ondorio bat dira disko honetan jaso ditugun sorkuntzak. Barrura begira ez da sortu disko bat sortzeko asmoagaz. Kantu eta melodia solte batzuk genituen, eta horiekin zerbait egitea pentsatu genuen. Genituen sorkuntza horiek pilatu, forma eman, eta horiekin lan bat egitea bururatu zitzaigun.
Aurrekoagaz alderatuta, ze desberdintasun dauzka?
Nora Agirre: Jendeak igarriko duen desberdintasunik handiena da kantuen betetasuna. Iker Laurobak soinu desberdinak ipintzen kolaboratu du, eta kantuak eurak jantziagoak eta instrumentalki beteagoak daude. Nik uste dut kantek eurek daukaten sakontasuna ere handiagoa dela. Kantu bakoitzak mezu bat dauka: ez da mezu arin bat, mezu indartsua da guretzat.
Zenbat kantu ditu lan berriak?
A.A.: Zortzi, baina zortzi kantu baino, zortzi sorkuntza dituela esango genuke; hortik bi, poesia musikatuak dira.
N.A.: Gure kontzertuetan gure kantu eta bertsioez gain, geuk sortutako poesia musikatuak jotzeko ohitura daukagu. Diskoa grabatzerako orduan, guztiz geurea egin dugu, eta poesia ere sartu dugu oraingoan.
Horietako zeintzuk dira poesia musikatuak?
A.A.: Diskoari berari sarrera ematen dion Jaio berri naiz sorkuntza eta, bestea, zerrendako bosgarrena, Egun ilunak.
“Lehenengo aldia da inoren hitzak kantu bilakatu ditugula eta ilusioa besteko errespetua eman digu”
Diskoan jaso dituzuen zortzi sorkuntzek zeri buruz berba egiten dute?
N.A.: Kantu bakoitzak gai desberdinak lantzen ditu. Denak ere oso emozionalak dira, guri barrua ikutzen digutenak. Kantu batek denboraren poderioaz hitz egiten du. Beste batek maitasun harreman bat amaitu osteko korapiloez eta noizbait izandako sua berpizteko saiakerez hitz egiten du. Aurreiritziei buruz eta hauek askatzeari buruz ere aritu gara Dena kantuan. Eta beste gai batzuk ere landu ditugu, askatasuna, arrakasta, heriotza eta sensualitatea, besteak beste. Diskoko kantu guztiek emozio desberdinak ikutzen dituzte. Sorkuntza hauek guk eduki ditugun bizipenetatik jaio dira, eta horiek, gero, kantu batean islatu ditugu. Hori dela-eta deitzen da disko hau Barrura begira, gure barruak begiratzean aurkitutako erantzunen emaitza bat delako.
Kantuen berbak zeuek sortu dituzue?
N.A.: Pompeya kantua izan ezik, beste guztiak geuk sortu ditugu. Pompeya Leire Goikoetxea gure Legazpiko lagunaren idatzia da. Lana sortzen hasteko ideagaz hasi ginenean, berataz oroitu ginen, oso gustuko baitu idaztea eta guk oso gustuko baitugu bere idazteko modua. Orduan, bere idatziren bat bidaltzeko proposamena egin genion gure sorkuntzaren berri emateagaz batera; berak nahiko balu, idatzia kantu bilakatu eta gure lanaren parte izateko asmoz. Berak idatzitako pare bat testu bidali zizkigun, eta Pompeya, egia esan, asko gustatu zitzaigun.
A.A.: Berak dio plazer bat izan dela bere testuetako bat gure eskuetan utzi eta gure ahotsetan entzutea. Lehenengo aldia da inoren hitzak kantu bilakatu ditugula eta ilusioa besteko errespetua eman digu. Ahal izan genuen momentuan, gitarra hartu eta Donostian batu ginen Leiregaz abestia kantatzeko. Emaitza asko gustatu zitzaion. Geuri ere asko gustatu zitzaigun.
Musikalki, kantuek antzeko ezaugarriak dauzkate?
A.A.: Nahikoa desberdinak dira euren artean. Bi poesia musikatuak, adibidez, ahots eta gitarra hutsagaz daude grabatuta, ez daude era instrumentalean jantzita. Beste kantuetan, ostera, gitarra elektrikoa, mandolina, kontrabaxua, perkusioa sartu ditugu, eta kantu bakoitzak bere estilo propioa hartu du. Batzuk alaiagoak dira, beste batzuk tristeagoak edo sakonagoak dira, eta elkarrengandik oso desberdinak badira ere, esentzia bera gordetzen dute.
N.A.: Horrela da bai, batzuek intimotasun bat eskatzen zuten, eta beste batzuek ordea, beste erritmo biziago bat. Horregatik dira beraien artean hain desberdinak, baina aldi berean, esentzia bera dute amankomunean.
“Behin CD bat grabatzeko orduan zerbait jasoago egiteko, kolaborazio bat edukitzea ondo legokeela iruditu zitzaigun”
Diskoa ze urrenkeretan entzutea gomendatzen diezue zaleei?
N.A.: Kantuak, berez, soltean sortu ziren, baina gero, ordenan ipintzeko orduan, lanari zentzu bat eman nahi izan genion; emozioekin jolastuz. Entzuleari bidaia emozional bat planteatzen diogu hasieratik amaierara eta, gure ustez, merezi du ordena jarraitzeak.
Bizi izan dugun eta bizitzen ari garen egoeraren eraginik igartzen da lanean?
A.A.: Nik uste, pandemiak kantuak sortzera baino, genuen materiala batu eta zer edo zer egitera bultzatu gaituela. Itxialdian ez ginen oso inspiratuta egon, eta ez genuen askorik sortu. Hala ere, itxialdia hau guztia sortzeko pizgarria izan zen. Kantu batzuk aurretik sortuta genituen, eta beste batzuk ostean osatu ditugu. Are gehiago, estudiora sartu garenean ere, sortu edo moldatu dugu kanturen bat edo beste, grabaketan hasteak berekin izan duen inspirazioa jarraituz.
Oraingoan ere Mutrikuko AME estudioetan grabatu duzue. Zerbait bereziagatik?
N.A.: Aurreko lana grabatu genuenean, hurrengoan beste lan bat grabatuz gero bertan grabatuko genuela esan genion, eta horrela egin dugu. Gainera, kontuan izanik herrien arteko mugak itxita zeudela, ezin hobeto etorri zaigu.
A.A.: Lana grabatzerako orduan, AMEn grabatu ahal izatea gakoa izan da. Azken momentuan ideia eta inspirazioa etorri zaigun modura, etxetik bost minutura egotea ikaragarria izan da. Eta Axularrek hortan eman digun malgutasuna ere eskertzekoa izan da, asko erraztu du dena.
Iker Laurobagaz kolaboratzeko aukera zelan sortu zaizue?
N.A.: Lana bat-batean sortu den modura, hori ere modu horretan gertatu da. Axularrek komentatu zigun Iker Laurobak kolaborazioak egiten dituela eta berak bazuela haren kontaktua, eta nahi izanez gero, estudiotik pasatzeko eskatuko ziola. Behin CD bat grabatzeko orduan zerbait jasoago egiteko, kolaborazio bat edukitzea ondo legokeela iruditu zitzaigun.
A.A.: Hasiera batean, CDa jasoegi geratuko zelakoan, arduratuta geunden; zuzenekoan soinu hori ezin lortu ahal izanak kezkatzen gintuen, baina oso ondo geratu da. Erraz, arin eta oso egoki joan zen dena. Egia esan, berak proposatu ziguna asko gustatu zitzaigun; Ikerrek oso ondo jakin zuen kantu bakoitzari zer zetorkion ondo, eta hori gozamen hutsa izan da.
Kontzertuei begira, nola aurreikusten duzue uda?
A.A.: Jadanik bost kontzertu lotuta dauzkagu, eta ikasketak amaitzen ditugunean kontertuekin martxan hasteko ilusioz gaude. Udara oparoa aurreikusten dugu, eta gozatzeko gogoz gaude.
N.A.: Udara begira gure kantu berriak zuzenean abesteko gogotsu gaude, kontzertu guztiak ongietorriak izango dira!