Hilabetero egitarau "osatu" bat kaleratzeko asmoa berreskuratu du Mutriku Gaztetxeak
Mutrikuko Gaztetxeak ekainerako prestatu duen egitaraua aurkeztu berri du; 20. urteurrenari buruzko mahai ingurua izango da hileko ekitaldi nagusia.
Hainbat hilabeteren ondoren, ekintza bat baino gehiagorekin gozatzeko aukera dakar Mutrikuko Gaztetxeak. COVID-19ak baldintzatuta, orain arte ezin izan dute ohiko hilabete osoko egitaraurik antolatu, baina osasun egoerak hobera egin duela eta neurriak malgutu egin direla ikusirik, hilabetero egitarau “osatu” bat kaleratzeko asmoa agertu dute gazte asanbladako kideek. “Gure jarduna ez dugu eten. Gauza solteak egiten aritu gara, baina COVID-19aren ondorioz ezin izan dugu nahi beste ekintza antolatu; egoerara moldatuta ahal izan ditugun ekintzak guztiak antolatu ditugu”.
Ekainera begira, esaterako, alor ezberdinetako sei ekintza antolatu dituzte; aurreratu dutenez, ekainaren 25erako antolatu duten 20. urteurrenari buruzko 20 urte auskan mahai ingurua izango da hileko ekitaldi nagusia. Urteurrena bera urrian edo azaroan ospatuko badute ere, hilabetero urteurrenarekin zerikusia duen ekintza nagusi bat egingo dute. “Hemendik aurrera hilabetero keinu bat egingo diogu urteurrenari”.
Zehaztu dutenez, azken 20 urteotan gazte asanbladan egon diren kideek parte hartuko dute mahai inguruan. “Hogei urte hauetan egon den asanblada bakoitzeko ordezkari batek parte hartuko du. Haien esperientziak lehen eskutik ezagutzeko aukera egongo da”.
Hilabeteko ekintzekin amaitzeko, udako planteamendua zelan antolatu erabakitzeko asanblada irekia egingo dute
Ekaineko jarduerei Mihise taldearen kontzertuarekin eman zieten hasiera barikuan [ekainak 3] eta hurrengo ekintza ekainaren 18an eskainiko dute: 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutako sarraskiari buruzko Martxoak 3, oroimenaz injustizia garaipen bilakatuko dugu hitzaldia. “Martxoak 3 elkarteko kide bat etorriko da gaztetxera hitzaldia ematera. Berarekin batera egun horretan zer gertatu zenari buruzko testigantza ematera etorriko da beste pertsona bat”.
Ekainaren 19an, berriz, Skakeo musika taldea igoko da gaztetxeko oholtzara eta ekainaren 24an ere ez da girorik faltako. Bertso trama antolatu dute egun horretarako; honako bertsolariek parte hartuko dute saioan: Alexander Idoetak, Aroa Arrizubietak, Txaber Altubek eta Ane Belokik. Bi ekintzetako sarrera doakoa izango dela azpimarratu dute. “Sarrera librea izango da, aforoa bete arte”.
Ekainaren 12a izango da gaztetxeko materiala bidaltzeko azken eguna
Hilabeteko ekintzekin amaitzeko, ekainaren 27an asanblada irekia egingo dute. Aurreratu dutenez, belaunaldi desberdinetako jendea batu nahi dute ekintzan. “Udan askotariko ekintzak egin nahi ditugu gaztetxean, eta horiek aurrera eramateko nahiarekin antolatu dugu asanblada irekia. Udako planteamendua egiteaz gain, jende berria ere gonbidatu nahi dugu bilerara”.
Urteurrenaren harira, bestalde, azken 20 urteetako gaztetxeko argazkiak eta bideoak batzen jarraitzen dute. Materiala jasotzeko azken eguna ekainaren 12a izango dela iragarri dute. “Jendeak gaur egun argazkiak eta bideoak mugikorrarekin ateratzeko ohitura du, eta material hori guztiori batu gabe geneukan. Jendeak orain arte oso ondo erantzun du, eta material asko jaso dugu. Eskerrik asko!”.
Argazkiren edo bideoren bat daukaten herritarrei posta elektronikoz bidaltzeko ( mutrikukogaztetxia1@gmail.com ) eskaera egin diete, edo, bestela, haiekin harremanetan jartzeko, telefonoz deituta (688 61 03 03).
EGITARAUA
- Ekainak 18, barikua. Martxoak 3, oroimenaz injustizia garaipen bilakatuko dugu hitzaldia, 17:30ean, gaztetxean.
- Ekainak 19, zapatua. Skakeo taldearen kontzertua, 19:30ean, gaztetxean. Sarrera doan.
- Ekainak 24, eguena. Bertso trama, 19:30ean, gaztetxean. Sarrera doan.
- Ekainak 25, barikua. 20 urte auskan mahai ingurua, 20:00etan, gaztetxean.
- Ekainak 27, domeka. Asanblada irekia, 17:30ean, gaztetxean.