Mutrikuko TAOren ordenantza berria espero baino beranduago sartuko da indarrean
Herritarrek proposamenak, iradokizunak eta alegazioak aurkeztu dituzte, eta horrek aurreikusitako prozesua atzeratu du. Ordenantzari "lehenbailehen" behin betiko onarpena eman eta indarrean jartzea da udalaren asmoa.
Dena ondo bidean joan izan balitz, ekainaren 1ean hasiko zatekeen TAOren udako sasoia Mutrikun. Baina udal iturriek azaldu dutenez, oraindik ezin dira araudi berria aplikatzen hasi. Jendaurreko erakustaldian herritarren proposamenak jaso eta aintzat hartu ondoren, araudi berriari Udalbatzaren behin betiko onarpena ematea falta dela azpimarratu dute. “Ordenantza bere osotasunean onartu arte ezin gara ezertan hasi”.
Herritarrek proposamenak, iradokizunak eta alegazioak aurkeztu dituzte, eta hori dela eta, legez ezarritako prozedura jarraitu beharko dela esan dute. Ekarpen horiek guztiak mahai gainean jarri ondoren gaia Gobernazio Batzordean aztertu behar da lehendabizi. Eta prozesuarekin amaitzeko, beste osoko bilkura bat egin behar da testua behin betiko onartzeko. “Gure asmoa da gaia Gobernazio Batzordean ahalik eta arinen eztabaidatzea; ondoren, ezohiko osoko bilkura bat deituko dugu. Prozesu guztia amaitzen denean lehenbailehen jarri nahi dugu indarrean araudia”.
Ordenantza aldatzeko behin betiko proposamena onartzen denean udalerriko eremu guztiak (gorria, berdea, urdina eta bertakoak) zirkulazioko seinale bertikalekin bereizten, TAO makinak jartzen eta lurzorua margotzen hasiko direla iragarri dute. Aparkaleku mugatuen sistemaren funtzionamendu berriari buruzko kanpaina ere abiaraziko dute. Besteak beste, TAOri buruzko informazio guztia jasotzen duen informazio orriak banatuko dituzte etxerik etxe eta udalaren webgunean ere atal informatibo bat ipiniko dute, herrira datozenentzako “baliagarria” izan dadin.