Goizeko Izarrakoen esperimentu bat, We Make Debabarrena! erronka irabazteko hautagai
Eiffel dorrearen maketa bat eraikitzeko zientzia esperimentu bati buruzko bideo batekin parte hartu dute Goizeko Izarrakoek. Ikasle mutrikuarren aldeko botoa emateko aukera ekainaren 15ean amaitzen da.
Debegesak We Make Debabarrena! deritzon STEAM erronka abiarazi du. Zientzia eta teknologia arloetan eskualdeko ikastetxeetan egin diren esperimentuen bideoak batu ditu erronkak. “Erronkaren helburua da ikasleek eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortsua erakustea eta STEAM hezkuntza balioan jartzea”. Eskualdeko zazpi ikastetxe ari dira erronkan parte hartzen eta, denetara, hamabost esperimentu grabatu dituzte. Goizeko Izarra ikastolako LH 5. mailako ikasleek ere bertan parte hartu dute; zehazki, Eiffel dorrearen maketa bat eraikitzeko zientzia esperimentu bati buruzko bideo batekin parte hartu dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, kategoria bakoitzean ikustaldi gehien lortzen dituen bideoak sari bat irabazteko aukera edukiko du. Mutrikuarrak LH5 kategorian parte hartzen ari dira, eta beste bost lan daude saria lortzeko lehian; euren ikus-entzunezkoak, oraingoz, 900 ikustaldi baino gehiago lortu ditu.
Ikasle mutrikuarren aldeko botoa emateko aukera ekainaren 15era arte daukate herritarrek. “16:30ean kategoria bakoitzean ikustaldi gehien dituen bideoa izango da irabazlea”. Honako webgunean ikusi daitezke egitasmoan parte hartu duten lan guztiak. Irabazleen izenak ekainaren 16an emango dituzte jakitera eta kategoria bakoitzeko talde irabazleek bi sari edukiko dituzte aukeran: Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuetako bat edo 500 euroko erosketa bonoa eskualdeko elektronika denda batean STEAM eskola materiala erosteko.