Hamar urte eta erdiren ondoren, disko berriarekin dator Laumono talde mutrikuarra
Diskoaren aurrerapen kantua eta bideoklipa barikuan [ekainak 11] estreinatuko dute sare sozialetan. Axular Arizmendiren gidaritzapean grabatutako 'Umezurtzak Jupiterren' estudioko hirugarren diskoa datorren hilabetean aurkeztuko dute.
Laumono talde mutrikuarrak AME estudioan Axular Arizmendiren gidaritzapean grabatutako Umezurtzak Jupiterren estudioko hirugarren diskoa aurkeztuko du datorren hilabetean. 2010aren bukaera aldera kaleratu zuten Adrenalinia azken lana, eta hainbeste urteren ondoren zer edo zer berria aurkezteko gogotsu daudela azpimarratu dute Rikar Garagarza (ahotsa), IƱigo Gorritxategi (baxua), Jon Iturrino (gitarra) eta Enekoitz Andonegi (bateria) taldekideek.
Azpimarratu dutenez, ez da taldearen itzulera. “Tarte honetan ez dugu taldearen jarduna eten. Gauzak presarik gabe egitea gustatzen zaigu; hau guztia zaletasun bat da guretzako. Lan berririk kaleratu ez badugu ere, lagun artean entsegatzen jarraitu dugu eta kontzertuak ematen aritu gara han-hemenka. Pandemiaren kontu honekin kantuak entsegatuta genituen, eta materiala bageneukanez beste lan bat kaleratzea erabaki genuen”.
Hamar kanturekin jantzi dute euren hirugarren lana, eta barikuan [ekainak 11], hain zuzen, Alkolitxua abestiaren bideoklipa emango dute ezagutzera, aurrerapen modura; “eguerdi aldera” estreinatuko dute taldearen sare sozialetan. Irudiak Zabiel kultur etxean grabatu zituzten, Aste Santuan, Enekoitz Andonegi taldeko kideak zuzendaritzapean.