Ondarroan kukaña berria ipintzeko lanekin hasi dira
Azpiegitura behin-behinekoa izango da eta 14,60 metroko luzera dauka, aurrekoak baino 10 zentimetro gehiago. Behin betiko kukaña neguan ipintzea aurreikusten dute.
Astilerun kukaña berria ipintzeko prestaketa lanak egiten hasi dira gaur [ekainak 10] kukañaz arduraten diren boluntarioak eta udal langileak. Maiatzaren 15ean lehen zegoen enborra erditik apurtu eta uretara jausi ostean, hura ordezkatzeko lanekin hasi dira. Tente geratzen zen zatia kendu dute lehendabizi, eta hori eraman bitartean, soka batzuekin lotuta laga dute uretan, “korronteak ez eramateko”. Enbor berria sartzeko eremua ere egokitzen hasi dira. “Kutxa zulatu eta hustu egin dute, enbor berria behar den modura sartzeko”.
Aurreratu dutenez, kukaña berria aurrekoa baino 10 zentimetro luzeagoa izango da; 14,60 metro edukiko ditu. Boluntarioek martitzenean [ekainak 8] moztu zuten eukalipto enborra eta orain dagokion tratamendua ematen eta margotzen ari dira. Azpiegitura, gainera, behin-behinekoa izango dela baieztatu dute. “Uda sasoian kukañak Ondarroan duen garrantzia kontuan hartuta konponbide baten bila hasi ginen; behin betikoa neguan ipintzeko asmoa dago. Boluntarioek behar den modura moztuko dute (hilbeheran) eta, ostean, dagokion tratamendua eman eta margotu egingo dute”.
Dena prest dagoenean bainurako eremuan balizak ipiniko dituztela eta ingurua ere oinezkoentzako eremu bihurtuko dutela esan du udalak, “aisialdi gunean ibiltzen diren segurtasuna bermatzeko”. Kukañaren erabilera egokia izan dadin ezarritako arauak bete egin behar direla ere gogora ekarri dute. “Kukaña gainean ezin da kulunkatu. Eta aldi berean bi pertsona baino gehiago ere ezingo dira egon enborraren gainean”.
Udalak, bere aldetik, euren borondatez kukaña berrizten eta horren mantenuaz arduratzen diren bi herritarren laguntza eskertu nahi izan du. “Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu Josu Laka Trontxo-ri eta Bittor Muñizi”.