Castellotik Topasera lekualdatuko dute Orkatz Gallastegi preso mutrikuarra
Lekualdatu ondoren etxetik 130 bat kilometro gertuago egongo da. Espetxe berean dagoen Pedro Canoren eta mutrikuarraren lekualdaketa egin ostean, gainera, Mediterraneo inguruko espetxeetan ez da euskal preso politikorik geratuko.
Espainiako Espetxe Erakundeek gaur [ekainak 11] jakinarazi dutenez, beste lau euskal preso lekualdatuko dituzte: bi Euskal Herriko espetxe batera ekarriko dituzte, eta beste bi, Euskal Herri ingurukoetara. Horien artean dago Orkatz Gallastegi Sodupe preso mutrikuarra; gaur egun Castello I (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxean dago, Mutrikutik 575 bat kilometrora, eta Topasera (Salamanca, Espainia) lekualdatuko dute, etxetik 440 bat kilometrora.
Preso mutrikuarra 2002ko urriaren 28an espetxeratu zuten eta 48 urte, sei hilabete eta egun bateko zigorra ezarri zioten; 2039ko urtarrilean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Espainiako Espetxe Erakundeek jakitera eman dutenez, Valentziako Tratamendu Batzordeak proposatuta, “bigarren gradura igarotzea” eta Salamancako espetxera lekualdatzeari oniritzia eman dio.
Gallastegirekin batera espetxe berean dagoen Pedro Cano ere lekualdatuko dute; Logroñora mugituko dute. Mugimendu bi horiek egin ostean, hain zuzen, Mediterraneo aldeko espetxeetan ez da euskal preso politikorik geratuko. Raul Fuentes eta Gaizka Astorkiza, aldiz, Euskal Herriratu egingo dituzte: Fuentes Kantabriako Dueso espetxetik Martutenera ekarriko dute eta oraindik prebentibo egoeran dagoen Astorkizaga, ostera, Madrilgo Soto del Realetik Basaurira hurbilduko dute. Lau lekualdatze horiez gain, hirugarren graduan sailkatuko dute Iruñean espetxeratuta dagoen Olga Comes presoa.