Agertokira bueltatu dira Gizaburuagako musika eskolako ikasleak
Iazko otsailetik zuzeneko kontzerturik eman barik egon ostean, ikasturte amaierako emanaldia eskaintzeko aukera eduki dute. Gizaburuagako udal aretora bertaratu direnak pozik geratu dira.
Musikagaz gozatzeko arratsaldea eduki zuten aurreko barikuan [ekainak 11] Gizaburuagan. Hainbat hilabeteren ostean, ikasturte amaierako emanaldia eskaini zuten musika eskolako ikasleek. “Ikasleek urtero bi emanaldi eskaintzen dituzte udal aretoan: bata, otsailean izaten da eta, bestea, ekainean. Koronabirusa dela eta ez dela, iazko otsailetik aurrez aurreko kontzerturik eman barik zeuden, eta egia esan, hainbeste denbora eta gero, pozik aritu ziren jendaurrean”.
Pianoa, txistua eta biolina ikasten ari diren hamar ikaslek parte hartu zuten emanaldian. Osasun egoera dela eta, banaka eskaini zituzten piezak. “Bakoitzak pieza bana eskaini zuen, eta batzuk irakaslegaz jotzeko aukera ere eduki zuten”. Saioa arrakastatsua izan zela gaineratu dute; erabilera anitzeo aretoko aforoa bete egin zela esan dute. “Emanaldi motza izan zen, baina, aldi berean, oso polita. Publikoa gustura egon zen eta ikasleak eurak ere gustura aritu ziren”.