Jendetsua izan da Ondarroako Arbide Eskalada Taldearen jaialdia
Herritarrek ondo erantzun dutela eta bertaratutako guztiak pozik ikusi dituztela esan dute antolatzaileek.

Taldearen jarduna eta esku artean dituzten proiektuak ezagutzera emateko jaialdia egin zuen Arbide Eskalada Taldeak zapatuan [ekainak 12]. Estreinako egin duten ekintzari buruzko balorazio positiboa egin dute; esan dutenez, arrakastatsua eta jendetsua izan zen. “Oso ondo joan zen dena, eta pozik gaude. Jaialdiak harrera ona eduki du”. Herritarrek ondo erantzun zutela eta bertaratutako guztiak pozik ikusi zituztela gaineratu dute.
Eskaladari zabalkundea eman asmoz, kirol horregaz zerikusia daukaten zenbait diziplina ezagutzeko aukera eduki zuten haur eta gaztetxoek. Hiru gunetan banatuta egin zituzten ekintzak. Korretatik frontoira tirolinan bota eta rappelatzen ibili ziren eta Elixopean, berriz, arku tiroan norberak duen trebezia erakusten aritu ziren. Alamedaren erdi-erdian, berriz, rokodromoa txiki batean gora eskalatzen ibili ziren umeak. “Ume asko ibili zen bateko zein besteko ekintzetan”.
Eguraldia lagun, Alamedan ipinitako txosnaren bueltan ere jende asko batu zen, giro ezin hobean. Ekintza, gainera, taldearen materiala saltzeko ere aprobetxatu zuten. “Kamiseta eta jertse asko saldu ziren”.

Haurrak arku tiroan trebatzen, Elixopean.

Alamedan ipinitako rokodromoa.