Iñigo Andonegi zendu da, ‘Kalaputxi’ herri aldizkariko argazkilaria
Azken agurra emateko hileta elizkizuna barikuan [ekainak 25] izango da, 19:30ean, Mutrikuko Andre Maria Zeruratzea parrokian.
HITZAk jakin ahal izan duenez, mutrikuarra gaur [ekainak 24] goizean hil da ezustean, 72 urte zituela. Hilbeila Mutrikuko beilatokian egongo da, barikuan [ekainak 25] 11:00etatik 13:30era bitartean eta 16:30etik hileta elizkizuna egin arte. Azken agurra emateko hileta elizkizuna barikuan izango da, 19:30ean, Mutrikuko Andre Maria Zeruratzea parrokian.
Andonegi argazkilaria zen ogibidez, eta jubilatu arte, Mutrikun oso ezaguna zen argazki denda bat eduki zuen. Hurrekoek azpimarratu dutenez, herrigintzan “isilpeko” lan handia egin zuen. Besteak beste, Kalaputxi herri aldizkariko argazkilaria eta kolaboratzailea izan da aldizkaria sortu zenetik. “Bat-batean harrapatu gaitu berriak, atsekabetuta gaude. Hutsune handia lagako du. Azaleko argazkiez arduratzen zen, baita baserrietako banaketaz”, azaldu dute aldizkariko arduradunek.