Sobren erakusketak kolorez zipristindu ditu Ziortza-Bolibarko San Joan jaiak
Aranbaltz elkarteak antolatuta, estreinako egin dute erakusketa. Erantzun ona jaso du meza ondoren egindako ekintzak.
San Joan jaiei atzo [ekainak 23] hasiera eman ostean, jaietan murgilduta jarraitzen dute Ziortza-Bolibarko herritarrek. Gaur [ekainak 24] jaietako egun nagusia ospatzen ari dira: San Joan Eguna. Ohitura den modura, mezagaz hasi dute eguna. Elizkizunean hurrengo urteko suetan erretzeko sobra dotore eta koloretsuak bedeinkatu dituzte, eta mezetatik ateratzean, elizako arkupean ipinitako mahaian ipintzen joan dira sobrak, erakusketa egiteko.
Aranbaltz elkarteak antolatuta, estreinako egin dute sobren erakusketa, eta erantzun ona jaso du. Etxeko lorategitietatik edo mendian jasotako ortuariekin eta loreekin osatutako 25 bat sobra ekarri dituzte herritarrek. Trumoi belarra, hortentsiak, botoi zuriak, San Joan lorak, garia, artoa eta erromeroa erabili dituzte, besteak beste. Erakusketan pozik eta gustura parte hartu dute herritarrek, ideia “polita” izan dela esan dute.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Iluntzean, bestalde, Ane Labakaren eta Beatriz Egizabalen Erradikalak ginen. Bertsotan, berritsuketan! bertso eta antzerki ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. 20:00etan ipini dute hitzordua.
Atzo, berriz, gaurik magikoena ospatu zuten. Txistulariek girotu zuten plaza eta handik Sorginen kalejiran joan ziren hilerri ondoko landaraino. Hurrengo egunetan ere egongo da zer ospatu Ziortza-Bolibarren. Domekara arte festa giroan jarraituko dute.
EGITARAUA:
- Ekainak 25, barikua. San Juan Txiki Eguna
- 13:00. Umeentzako kirol jokoan, plazan.
- 18:00. Etxean goxo txontxongilo antzerkia umeentzat, frontoian.
- Ekainak 26, zapatua
- 19:00. Tio Teronen semeak dantza ikuskizuna, plazan.
- Ekainak 27, domeka
- 13:00. Sabin Zenarruzabeitia Iputeiren aringaringaldia. Bolibarko plazan hasi eta Gontzugarairaino desafioa joan eta eta etorri.