Asteburuan positibo bakarra atzeman dute Lea-Artibai eta Mutrikun
Intzidentzia tasak hobera egiten jarraitzen du Lea-Artibain eta Mutrikun. Hamar udalerrik 0 tasa daukate eta gainontzeko hirurak gune berdean sartu dira.
Asteburuan [ekainak 25-26-27] COVID-19arekin kutsatutako kasu bakarra erregistratu dute Lea-Artibai eta Mutriku mailan. Kasu hori Ondarroan atzeman zuten barikuan [ekainak 25]. Kasu positibo bat erregistratu badute ere, intzidentzia tasak behera egin du udalerrian; hain zuzen ere, 24 puntu jaitsi da eta gune berdean sartu da. Gaur emandako datuen arabera, 46,69ko tasa dauka. Markina-Xemeingo eta Mutrikuko intzidentzia tasek ere behera egin dute nabarmen, eta ondorioz, bi herriak ere gune berdean daude. 37,64ko tasa dauka Mutrikuk eta 59,70koa Markina-Xemeinek.
Gainerako herrietako intzidentzia tasak bere horretan mantendu dira. Oro har azpimarratzekoa da gaur gaurkoz intzidentziarik gabeko hamar udalerri daudela Lea-Artibai eta Mutrikuko eremuan: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Mendexa, Munitibar eta Ziortza-Bolibar.
Joan den aste osoan [ekainaren 21tik 27ra] 4 kasu zenbatu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun: 3 kasu Ondarroan erregistratu zituzten eta 1 Markina-Xemeinen.
Lurraldeak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia gelditu egin da 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuaren beherakada. Arabak 107,20ko tasa dauka (berdin mantendu da), Bizkaiak 111,83koa (3 puntu jaitsi da) eta Gipuzkoak 88,42koa (5 puntu igo da).
Herriz herriko intzidentzia tasa (eguneratuta):
- Amoroto: 0
- Aulesti: 0
- Berriatua: 0
- Etxebarria: 0
- Gizaburuaga: 0
- Ispaster: 0
- Lekeitio: 0
- Markina-Xemein: 59,70 (20 puntu jaitsi da).
- Mendexa: 0
- Munitibar: 0
- Mutriku: 37,64 (38 puntu jaitsi da).
- Ondarroa: 46,69 (24 puntu jaitsi da).
- Ziortza-Bolibar: 0