Eneko Sagarmendi azpitxapeldun geratu da Gipuzkoako Binakakoan
Palista mutrikuarrak ezin izan du denboraldiko hirugarren txapela eskuratu. Final estua jokatu ondoren, Iraitz Huegunek eta Xabier Arizkorretak jantzi dute txapela.
Errenteriako Mindara klubeko Eneko Sagarmendi palista mutrikuarrak Gipuzkoako Binakako Txapelketaren finala jokatu zuen zapatuan [ekainak 26], Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, teniseko paleta modalitatean. Haritz Lertxundi zarauztarrarekin osatu zuen bikoa mutrikuarrak, eta kantxan erakustaldi ederra eman zuten arren, ezin izan zituzten Iraitz Huegun donostiarra eta Xabier Arizkorreta hernaniarra mendean hartu. Espero zen modura, final oso estua eta lehiatua izan zen; hiru tantoren aldearekin irabazi zuten Huegunek eta Arizkorretak (25-22).
Garaipenik eskuratu ez badu ere, pozik dagoela aitortu du mutrikuarrak. “Partidu oso ona izan zen. Partidu ia osoa atzetik joan ginen, eta 22na berdintzea ere lortu genuen, baina hortik aurrera ezin izan genuen gehiagorik egin. Sekulako lana egin genuen kantxan, eta ingurukoek partidu oso ona jokatu nuela esan zidaten. 22-25 galdu badugu ere, oso pozik eta harro nago egindako lanagatik”.
Mutrikuarrak bi txapel lortu ditu aurtengo denboraldian, Master Cupekoa, bata eta Gipuzkoako Buruz Burukoa, bestea. Hirugarren txapel bat irabazteko gogotsu eta itxaropentsu bazegoen ere, ezin izan du lortu. Harro egoteko moduko denboraldia osatu duela azpimarratu du. “Oraingo honetan ezin izan dut irabazi. Denboraldi bikaina izan da honakoa, oso harro egoteko modukoa“.