Gipuzkoako Banakakoa irabazi du Danok Bateko Unax Zubizarretak
Danok Bateko pilotari gazteak 25-19 irabazi dio Hondarribiako Rodrigori. Gazte eta nagusi mailetan azpitxapeldun geratu dira Danok Bateko Urreisti eta Manzisidor.
Asteburu honetan Mutriku Miruaitz pilotalekuan erabaki dira Gipuzkoako Banakako Zesta-Punta Txapelketaren finalak. Bertan jokatu diren hiru finaletatik bakarra irabazi dute mutrikuarrek; zehazki, kadete mailako txapela jantzi du Unax Zubizarretak. Danok Bateko pilotari gazteak 25-19 irabazi zuen Hondarribiako Rodrigoren aurka. “Kadete mailan irabazitako txapelarekin pozik gaude. Ezustekoa eman eta partidua irabazi ondoren, txapela bereganatu zuen Unaxek”.
Gazte mailan, berriz, Danok Bateko Eñaut Urreisti eta Zumaiako Agirre aurkitu ziren aurrez aurre. Agirrek 25-11 irabazi zion Urreistiri, txapela eskuratuz. “Partidu zailari egin behar izan zion aurre Eñautek. Aurkariari min gehiago egingo ziola espero genuen, baina aurkariak erraz hartu zuen mendean”.
Nagusi mailan, azkenik, Danok Bateko Mikel Manzisidorren eta Zumaiako Agirreren artean erabaki zen txapela. Agirrek 25-17 hartu zuen mendean mutrikuarra. “Mikel ez zen oso fin ibili finalean. Ez zuen bere jokoa egiterik eduki; urduri hasi zen, eta sekula egin gabeko gauza arraroak egin zituen. Aurkaria gehiago izan zen eta merezitako garaipena lortu zuen”.
Finalari buruzko balorazio positiboa egin dute Danok Bateko ordezkariek. “Ez da uzta oparoa izan. Final bakarra irabazi dugu, baina badu meritua maila guztietako finaletara iristeak”.