Ondarroan hasi du bidea 'Artearen Ibilbidea II' erakusketa ibiltariak
Kirmen Uribek asmatutako 'ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa' bilduma iraunkorraren lanik aipagarrienen hautaketa bat ezagutzeko aukera dakar erakusketa ibiltariak. Lekeition egingo du hurrengo geldialdia.
BBK Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean, Artearen Ibilbidea arte dibulgaziorako programa berrabiarazi dute bigarrenez. Aire zabalean ipinitako erakusketa ibiltaria gaur [ekainak 28] inauguratu dute Ondarroako Alamedan. Domekara [uztailak 4] bitartean, Bilboko Arte Ederren Museoaren eta Kirmen Uribek asmatutako ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa bilduma iraunkorraren lanik aipagarrienen hautaketa bat ezagutzeko aukera emango die Alamedara bertaratzen direnei.
Erakusketa ibiltariaren arduradunek azpimarratu dutenez, ekimenaren helburu nagusia didaktikoa da; artea herritarrengana hurreratzea eta museoaren “bildumarik oparoena” bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea da asmoa. Erakusketak guztira ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa bilduman inspiratutako 36 artelan biltzen ditu. “Kalitate handiko erreprodukzioen bidez, xehetasunak zehaztasun harrigarriz aurkeztuta eta fidagarritasun handiko koloreekin, 36 margolan ezagutu ditzake ikusleak”.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Gaineratu dutenez, artelan bakoitzak bere iruzkina dauka; iruzkin horiek euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez daude eskuragarri. “Iruzkin horiek doan lor daitezke, audio artxiboak gailu mugikorretan deskargatzeko aukera ematen duen QR kode baten bitartez”.
Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak aurkeztutako erakusketa ibiltariak Bizkaiko itsasertzeko beste hainbat herritan egingo du itzulia hurrengo hiru hilabeteetan. Urriaren 4ra bitartean, beste hamahiru udalerritan ikusi ahal izango dira Bilboko Arte Ederren Museoko lanen erreprodukzioak. Erakusketa ibiltariak Lekeition egingo du hurrengo geldialdia; uztailaren 5etik 12ra egongo da bertan ikusgai. Hurrengo asteetan honako herrietatik igaroko da bilduma: Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Bakio, Armintza, Plentzia, Getxo, Portugalete, Santurtzi, Zierbena eta Muskiz.
Erakusketa ibiltariak besteak beste ondoko artisten erreprodukzioak biltzen ditu: Paul Gauguin, Isabel Baquedano, El Greco, Agustin Ibarrola, Xabier Morras, Ramon Zubiaurre, Antonio de Gezala, Aurelio Arteta, Jesus Mari Lazkano, Menchu Gal, Diego de la Cruz, Mari Puri Herrero, Kokoschka, Goya eta Zurbaran.
- Ondarroa. Ekainak 28-uztailak 4.
- Lekeitio. Uztailak 5-12.
- Ea. Uztailak 12-19.
- Elantxobe. Uztailak 19-26.
- Mundaka. Uztailak 26-abuztuak 2.
- Bermeo. Abuztuak 2-9.
- Bakio. Abuztuak 9-16.
- Armintza. Abuztuak 16-23.
- Plentzia. Abuztuak 23-30.
- Getxo. Abuztuak 30-irailak 6.
- Portugalete. Irailak 6-13.
- Santurtzi. Irailak 13-20.
- Zierbena. Irailak 20-27.
- Muskiz. Irailak 27-urriak 4.