Ostadar koloreak lau haizetara zabaldu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Nazioarteko Harrotasun Egunaren harira, genero, identitate eta sexualitate askatzaileak aldarrikatzeko mobilizazioak nagusitu dira.
Harrotasun Eguna moduan ezagutzen den Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna izan da gaurkoa [ekainak 28]. Mobilizazioek kaleak hartu dituzte, gizarte egitura zis, hetero eta patriarkalen aurreran bestelako identitateak eta harremanak ere badirela aldarrikatzeko. Ekimenez ekimen, kaleak, leihoak, balkoiak eta gune publikoak ostadar kolorez bete dira; sexu eta genero aniztasuna harrotasunez bizi nahi dutela aldarrikatu dute han-hemenka herritarrek.
Mutrikun eta Lea-Artibaiko zenbait herritan ere mobilizazioak egin dituzte egunotan. Mutrikun, esaterako, kalejira koloretsua egin dute gaur arratsaldean EMAren ekimenez. Goiko Plazatik abiatuta, mobilizazio jendetsua egin dute batukadak lagunduta. Ondoren, manifestua irakurri dute Beheko Plazan. Eguna amaitzeko, Katalin Miner Perezen Moio. Gordetzea ezinezkoa zen liburuaren irakukerta partekatua egin dute Zabiel kultur etxean.
Potxuak Martxan Lekeitioko talde feministak deituta, berriz, elkarretaratzea egin dute Lekeition Gure borrokaz harro leloarekin; 19:00etan batu dira Eskolapean. Markina-Xemeinen, berriz, transexualitateari buruzko TRANSformatzen dokumentala proiektatu dute Esperantza aretoan. Proiekzioaren ostean, Naizen elkarteko kideen testigantzak ere partekatu dituzte.
Egunik potoloena gaurkoa izan bada ere, aurreko egunetan ere egin dira ekintzak. Ondarroan, esaterako, Andrabanda Feministak kalejira egin zuen zapatuan [ekainak 26]. Egunotarako deitutako ekintzak barikuan [uztailak 2] amaituko dituzte. 19:00etan hasita, June Fernandezek egindako Nola esan/izan bollera glosarioa aurkeztuko dute Ondarroako Kofradia Zaharrean. Eta ostean, glosario horretan jasotako hitzekin bertso saioa eskainiko dute Maider Arregi Markuletak eta Saioa Alkaiza Guallarrek.