Ziortza-Bolibarko sanjoanei buruzko balorazio ona egin dute
Udal ordezkariek esan dutenez, 'Tio Teronen semeak' dantza ikuskizuna, umeentzako kirol jokoak eta 'Erradikalak ginen' bertso eta antzerki ikuskizuna izan dira jaietako ekintzarik arrakastatsuenak.
Indarrean dauden osasun neurriak kontuan hartuta, ekintzak solte batzuk antolatu dituzte Jai Batzordeak, Markola, Aranbaltz eta Jubilatuen elkarteek eta udalak herriko jaiei “kolorea” emateko. Sanjoanak amaitu berri, jaiei buruzko balorazio positiboa egin dute. “Askotariko ekintzak antolatu ditugu eta gustura geratu gara”.
Udal ordezkariek esan dutenez, zapatuko [ekainak 26] Tio Teronen semeak dantza ikuskizuna, San Juan Txiki Eguneko [ekainak 25] umeentzako kirol jokoak eta San Juan Eguneko [ekainak 24] Erradikalak ginen. Bertsotan, berritsuketan! bertso eta antzerki ikuskizuna izan dira jaietako ekintzarik arrakastsuenak. “Jende asko batu zen hiru ekintzetan. Oso gustura geratu zen bertaratu zen jendea”. Agertu dutenez, antolatu dituzten ekintzetatik bat aldatu behar izan dute, euriagatik. “San Juan bezperan euri pixka bat egin zuen, eta ondorioz, dantzak suaren bueltan egin behar beharrean, elizpean egin behar izan genituen”.
Erronka, osatua. Jaien baitan egin den Sabin Zenarruzabeitia Ipuitei-ren aringa-aringa erronkak ere herritar askoren arreta bereganatu zuen. Bolibarko plazan hasi eta Gontzugarairaino 6,5 kilometroko joan-etorria 27 minutu eta 21 segundo eta 13 ehunenekotan bete zuen. Herritarren artean kiniela bat egin zen Zenarruzabeitiak zenbat denboran amaituko zuen erronka igartzeko, eta bertan parte hartu zuten 77 lagunetatik Aulestiko Pedrok igarri zuen kiniela; 77 euro irabazi zituen.