Mikel Santiso: "Jaio nintzenetik naiz Aurrerako bazkide"
Datozen lau urteetan Ondarroako Aurrera Kirol Elkartearen ardura edukiko du Mikel Santiso ondarrutarrak. Zuzendaritza talde berrian lau lagun edukiko ditu bidelagun.
Zer da Aurrera Kirol Elkartea zuretzat?
Bizitzan daukadan gauzarik garrantzitsuenetariko bat da. Negarrak, barreak eta pozak eragiten dizkidan kluba da Aurrera; nire bihotzeko taldea. Bizitza osoa daramat Aurreran, jaio nintzenetik bazkidea naiz. Kirol ibilbidea ere bertan hasi nuen. 8 urtegaz hasi nintzen, eta beheko kategoria guztietan ibili ostean, lehen taldean atezain modura jokatzeko aukera ere eduki nuen. Beheko kategorietan entrenatzaile ere ibili nintzen, eta gerora bestelako zereginak ere egin izan ditut.
Inoiz imajinatu zenuen klubeko presidente izatera iristea?
Nire ametsetako bat noizbait Aurrerako presidentea izatea zen. Duela urtebete inguru zuzendaritza batzorde bat osatu behar genuela ikusi genuen, eta lan horren ondorioa izan da hau guztia. Zuzendaritza batzorde berri bat sortzeko akuilu lanak egiten ibili dena ere neu izan naiz, eta hortik bat presidentea izan behar zenez, neu izatea erabaki genuen.
Klubean izandako esperientzia presidente karguan baliagarri izango dela uste duzu?
Inguruan dabilenak zer nahi duen eta zerk falta egiten dion ikustea eta hori ezagutzea oso garrantzitsua dela uste dut. Azken batean hemen inor ez dabil soldatapean, eta esperientzia horrek jendea gozotzeko beste bide batzuk ematen dizkizu. Leku askotan diruagaz ordainduko dena hemen egunerokotasunean harreman onagaz eta detaile txikiekin ordaintzen da.
Kargua hartu orduko zer gairi egin diozu kolpe lehenengo?
Bulegoak eta aldagelak dauden eraikina txukuntzen hasi gara eta, bestetik, nagusien taldearen fitxaketei ekin diegu. Nagusien taldea uztailaren amaieran hasiko da martxan, eta hori, egia esan, nahikoa presazko gaia zen.
Bost kidek osatu duzue zuzendaritza batzorde berria. Zelako lantaldea osatu duzue?
Oso talde anitza osatzen dugu, eta horrek, aberastasuna sortzen du. Aurreran eta norbere bizitzan edukitako esperientziak hona ekarri eta hementxe ezarri nahi ditugu orain. Ainhize Garalde gure batzordekidea, gainera, 100 urtean zuzendaritza taldean dagoen lehen emakumea da. Erabakitzeko lekuetan emakumeak egotea gure apustuetako bat zen, eta lortu dugu.
Ze helburu jarri diezue zeuen buruari?
Helburu nagusia da Aurrerak lehen herrian zuen pisua eta garrantzia berreskuratzea eta indartzea. Aurrera, azken batean, herriko talde bat da, eta herrian oinarrituta egon behar da.
“Guraso arduradunak ipiniko ditugu taldearen eta zuzendaritza taldearen arteko harremanetan zubilanak egiten”
Proiektua herritartzeko asmoa ere agertu duzue.
Herri mailan duen pisua ikusita, Aurrera moduko talde handi bat mugitzeko bost lagun ez dira nahikoa. Erabakiak bost lagunen artean hartu beharko ditugu, baina bestelako zereginetarako laguntzaile sare bat sortzea ezinbestekoa da; bestelakoan, proiektu hau aurrera eramatea oso gaitza izango da. Laguntzaile sarean bi ardatz ditugu.
Zeintzuk?
Bata, guraso arduradunen sarea izango litzateke. Sare hori denboraldia hasi baino zer edo zer arinago hasiko gara eurekin zehazten. Markina-Xemeingo Artibai Futbol Taldetik hartutako eredua da. Artibai moduko futbol talde batean ondo funtzionatzen duela ikusi dugu eta, hortaz, bertan ezartzea erabaki dugu. Guraso arduradunak ipiniko ditugu taldearen eta zuzendaritza taldearen arteko harremanetan zubilanak egiten. Beste sarea laguntzaile sarea izango litzateke. Auzolanean zerbait egin behar denean sare horretatik tira egingo genuke. Tabernan laguntzeko txandak egiten direla, Zaldupen konponketa lanak egiten direla, materiala saltzeko txandak egiten direla… zeregin horietarako guztietarako bost laguneko taldea ez gara horretara guztira ailegatzen.
“Daukagun bazkide kopurua indartzea nahiko genuke. Bazkidetza kanpaina bat prestatzen ari gara”
Ekonomikoki zelan topatu duzue kluba?
Klubak zorrik ez dauka, baina alde horretatik ez dago ondo. Etorkizunean gauzatu nahi genituen proiektu batzuk kluba ekonomikoki ondo ez egotearen ondorioz, zalantzan edo baldintzatuta egongo dira. Egun gutxi barru udalagaz mahaian jarriko gara, eta egoera honi guztiari buelta bat ematen ahaleginduko gara. Gabezia asko ditu instalazioak, eta aldatzen ez baditugu bizpahiru urtetan ez digute hemen jokatzen utziko. Udala da Zalduperen jabea, eta argi daukagu egin behar dugun guztia euren eskutik egin behar dugula.
Bazkidetza ere diru iturri handia izaten da, ezta?
Bazkidetza, egia esan, klubaren diru sarrera nagusietako bat da; daukagun bazkide kopurua indartzea nahiko genuke. Bazkidetza kanpaina bat prestatzen ari gara, eta aurrera begira bazkideei abantaila batzuk emateko asmoa daukagu. Ideia horiek ere Mutrikuko eta Debako taldeetatik jaso ditugu. Bazkideek, gainera, azken urte eta erdian kuotak berdin-berdin ordaindu dituzte, eta ezin izan dute futbolik ikusi. Hortik aldetik eskertu egin behar da bazkideek eduki duten konpromisoa.
“Datorren urtean bederatzi talde edukitzea aurreikusten dugu: sei eskola kirolean eta hiru federatuetan”
2021a urte berezia da Aurrerarentzat. Orain arte mendeurrena ezin izan da ospatu, ezer antolatzeko asmorik baduzue?
2021ean egitekoak ziren ospakizunak 2022ra luzatzea adostu genuen asanbladan. Ekintza puntual batzuk egingo ditugu, koronabirusaren gorabeheragatik. Argi daukaguna da egin behar ditugun gauzak, ahal diren gehienak, behintzat, Aurrera Txirrindu Taldeagaz eta Aurrera Mendi Taldeagaz egin behar ditugula. Aurrera ez da bakarrik futbol taldea, oinarrian denok gara kirol talde berekoak, eta denok ordezkatuta egon behar dugu ospakizunak antolatzeaz arduratuko den batzorde berezi horretan. Aurreraren mendeurrena da, eta hori denon artean ospatu nahi dugu, eta horretarako ekintza herrikoiak antolatzeko asmoa daukagu.
Kirol jardunari dagokionez, zer asmo daukazue?
Datorren urtean bederatzi talde edukitzea aurreikusten dugu: sei eskola kirolean eta hiru federatuetan (kadete, gazte eta hirugarren mailako taldea). Gure helburuetako bat da gazte mailako taldea indartzea. Horretarako apustu handi bat egin dugu, eta Edurne Burgoa izango da gazte mailako entrenatzailea. Berak dakarren esperientziagaz eta ibilbideagaz pentsatzen dugu apustu garrantzitsua izango dela. Gazte mailako taldearen helburua mailaz igotzea izango da, talde hori nagusi mailako taldearen oinarri sendoa izatea nahi dugu. Eskola kirolekoak federatu mailara jauzi egin behar dutenerako prestatzea da beste apustuetako bat. Federatu mailako taldeetan, aldiz, heziketaz gain, emaitzei ere begiratuko diegu; jokalari bakoitzaren eboluzioari erreparatuko diogu.
Eta nagusi mailako taldean, zer aldaketa egin dituzue?
Fitxaketa batzuk egiten hasita gaude, baina taldearen bizkarhezurrak jarraitu egingo du; iazko jokalarien %80ak bertan jarraituko du, tartean, kapitainek. Mikel Etxaburu Pixki da entrenatzaile berria, eta haren laguntzaile modura Joseba Plaza markina-xemeindarra ariko da; Mikel Aramaio Basterretxea prestatzaile fisiko modura ariko da. Argi geneukan gu sartzen ginen momentuan kluba ezagutzen zuten pertsonak izan behar zirela nagusien taldearen ardura hartuko zutenak.