Josu Etxaburu: "Bilbon eskainiko denaz denok gozatuko dugun egun bat izango da zapatua"
Erreferendum bidez lortu nahi den estatus politikoaren aldaketa irudikatu nahi du zapatuan [uztailak 3] Gure Eskuk Hamaika Gara ekimenaren baitan Bilbon egingo den mobilizazioan; parte hartzera deitu du Etxaburuk.
Hamaika Gara egitasmoaren baitan, mobilizazio jendetsua deitu duzue zapatuan [uztailak 3] Bilbon.
Pandemia sasoi gogor bat igaro ostean, plazetara bueltatu eta elkartzeko aukera edukitzea gauza handia izango dela iruditzen zait. Hilabete horietan guztietan gu ez gara geldik egon, hortxe jarraitu dugu erabakitze eskubidearen pultsu horri eusten. Hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidearen alde eta erreferendum bidez lortu nahi dugun estatus politikoaren aldaketa hori irudikatu nahi dugu zapatuan. Asko ari gara entzuten udazkenean garaia izan daitekeela berriro autogobernu ponentziak aurrera egin eta estatus politikoari buruzko hausnarketetan hasteko Legebiltzarrean, eta hori guztiori aldarrikatzeko halako mobilizazio bat antolatzea egokia iruditu zitzaigun.
Bilboko ibaiaren bueltan antolatu duzue ekimena. Zerbait bereziagatik?
Jendea ibaiaren inguruan bilduko dugu, zubien bueltan: Areatzako pasealekuan, Erripako kaian eta Areatzako eta Udaletxeko zubietan. Gure Eskun beti pentsatu izan dugu zubiegileak garela, desberdin pentsaten duten jendearen arteko zubiak eraikitzeko nahia, premia eta betebeharra dugu, eta hori guztiori irudikatzeko aukera ederra eskaintzen du Bilbok. Osasun egoera kontuan hartuta, kanpoko ekintza bat izan behar zela ere argi geneukan. Ibaiaren alde batean zein bestean jende asko batzeko aukera ematen digu, baina aldi berean osasun neurriak mantenduta.
Joaten denak zer topatuko du?
Ibaian gora eta behera itsasontzi bat ibiliko da, eta hori mobilizazioaren agertoki mugikorra izango da. Bertan egongo dira Zetak, Dupla, Itziar Ituño eta Olatz Salvador. Hortik konexio gune bat egongo da, eta bestea Areatzan bertan egongo da.
Egitasmorako espresuki sortutako kantua ere bertan estreinako duzue.
Jendea dantzan ipini nahi dugu. Horretarako, kantuaren koreografiaren tutorial bat ipini dugu Hamaika Gararen webgunean.
Zenbat jende batzeko asmoa daukazue?
Gure asmoa ahalik eta jende gehien batzea da. Herrietan ikusten ari garen erreferentziak ikusita, pozik gaude. Jendea datorrela beldurrik barik, osasun neurri guztiak mantentzen ahaleginduko gara. Bilbon eskainiko denaz denok gozatuko dugun egun bat izango da, eta denok zer edo zelan indartuta irtengo dugu udazkenera eta datozen urteetara begira. Kataluniatik eta Eskoziatik datozen olatu demokratizatzaileak ere hor daude. Herrialde askok erabaki egin nahi dute, eta guk ere olatu hori etortzen denean prest egon beharko dugu, olatu hori hartu eta geuk ere erabaki ahal izateko.
Ondarroatik, gainera, Bilbora joateko autobusa antolatu da.
Arratsaldero Gure Eskuren lokalean egongo gara konpromisoak batzen, 18:00etatik 20:00etara. Autobusak zapatuan 15:30ean irtengo du Veganeko paretik.
Bilbora doan jendea zelan antolatzeko asmoa duzue?
Datorren jendea etorri ahala ibaiaren bueltan lekutzen ahaleginduko gara. Dena ondo antolatzeko, sasoiz agertzeko gomendioa egiten diogu jendeari; bertan egongo diren boluntarioen azalpenei eta aginduei kasu egin, mesedez. Bertaratu nahi duenak, gainera, konpromiso txartela eskuratu beharko du.
Ze garrantzi du konpromiso txartel horrek?
Sinadurak batzen jarraitzen dugu. Sinadura horiek oso garrantzitsuak dira, azken batean burujabetza prozesu horretako konpromiso bat hartzen dugu. Eta horregatik ere planteatzen dugu konpromiso txartela. Konpromiso txartelak 5 euro balio ditu. Hau guztia antolatzeak gastu batzuk dakartza, eta horri laguntzeko izango da dirua. Aldi berean, zapatuko mobilizaziori dagokionez, gutxiengo aurreikuspen bat edukitzeko beharrezkoa da informazio hori. Jaima batzuk ipiniko ditugu bertan Bilbon, konpromiso txartela egin nahi dutenenetzat.
Sinadura bilketan murgilduta jarraitzen duzue. Zelan doa?
Duela gutxi kalera irteten hasi gara sinadurak batzen, eta espero dugu hemendik aurrera kaleak eta plazak berreskuratuta, gai izango garela horri beste bultzada bat emateko. Pandemiak ekimen kolektiboak egiteko eragozpen handiak ipini ditu, baina aktibaziorako garaia da orain, eta ilusioa bueltan dagoela iruditzen zait.