Laura Lechuga Gomez doktoreak jaso du XVIII. Burdinola Ikerketa Saria
Amorotoko koooperatibak banatutako sariak nanomedikuntzan, nanodiagnostikoan, medikuntza birsortzailean eta terapia pertsonalizatuan egindako aurrerapenei buruzko lana aitortu nahi izan du.
Amorotoko Burdinola kooperatibak sustatutako ikerketa saria Laura Lechuga Gomez doktoreak jaso du. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Convalescencia Etxeko areto nagusian egindako ekitaldian diploma eta ikerketa garatzeko 15.000 euroko laguntza ekonomikoa jaso ditu Mikel Martinez Burdinolako zuzendari nagusiaren eskutik. Irabazleak saria jasotzea “ohore eta pribilegio handia” dela nabarmendu du. “Sari aitzindaria da zientzia sustatzen eta aintzatesten”.
Hainbat adituz osatutako Burdinola Ikerketako XVIII. Sariaren epaimahaiak nanomedikuntzaren arloan medikuntza birsortzailean eta terapia pertsonalizatuan egindako aurrerapenetan egindako ikerketa “lanik nabarmenena” aitortu nahi izan du sariagaz. Lechuga doktorearen “lidergoa eta jarrera aitzindaria, transferentzia jarduera eta nazioarteko ikusgarritasuna” nabarmendu nahi izan dituzte bereziki.
Lechuga doktoreak nanomedikuntzara bideratuta dagoen Nanobiosensores y Aplicaciones Bioanaliticas ikerketa taldea zuzentzen du ICN2 Kataluniako Nanozientzia eta Nanoteknologia Institutuan; 20 kide baino gehiago dituen talde bateko burua da. CSIC Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko ikerketa irakaslea ere bada eta Carlos III.a Osasun Institutuko CIBER-BBNagaz (Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa) lotura estua du.