11 kultur proposamen dakartza Mutrikuko Bada Posible jaialdiak
Uztailaren 29an hasiko da kultur ekimen berezia. Abuztuaren 9ra bitartean, musika, dantza eta zinemaz gozatzeko aukera egongo da.
Mutrikuko Udalak uda sasoian kulturaz gozatzeko Bada Posible Kultur jaialdia antolatu du bigarren urtez jarraian. “2020. urtean pandemiak kulturgileak eta inguruan lanean ari direnak gogor jo zituen, eta aurten ere, egoera ez dago askoz hobea. Egoera horren aurrean, Mutrikuk kultura bultzatzeko apustua egin zuen, eta helburu berarekin jarraitzen du”.
Uztailaren 29an hasiko da kultur ekimen berezia, eta abuztuaren 9ra bitartean, askotariko ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da; zehaztu dutenez, 11 egunez jarraian, musika, dantza eta zinemaz gozatzeko aukera egongo da. Bada Posible Kultur Jaialdiak Euskal Herri osotik etorritako kulturgileak batu nahi izan dituela nabarmendu dute antolatzaileek. Jaialdiari hasiera Olatz Salvador bakarlari donostiarrak emango dio, eta ondorengo egunetan Nøgen, Izaro, Oinkari eta Hika teatroa, Kantu Kolore, Oreka TX, Auzi taldea eta Kawadeni moduko artistak igoko dira oholtzara.
Herriko sortzaileen lanak ezagutzera eman eta horiei bultzada emate aldera, gainera, plaza berean batu nahi izan dituzte Euskal Herriko beste txokoetan eta Mutrikuko kulturgintzaren eskaintza. Abuztuaren 9ra bitartean, beraz, Laumono, Errietan eta Biren musika taldeen, Gure Ametsa dantza taldearen eta Mutrikuko Musika Bandaren ikuskizunak ikusteko aukera egongo da. Mutrikuko Zine Forum taldeak ere parte hartuko du kultur jaialdian; Berri Txarrak musika taldearen agur birari buruzko Dardara film dokumentala proiektatuko dute.
[Ikusi hemen EGITARAUA]
Mutrikuko institutuko jolastokian ipiniko duten 700 metro koadroko karpa baten azpian egingo dituzte kultur emankizun guztiak, eta 200 pertsonentzako edukiera izango du ikuskizun bakoitzak. “Erakunde publiko bat garen aldetik oraindik ere ezin ditugu ekitaldiak antolatu plazan, modu irekian. Indarrean dagoen araudia betetze aldera, aurten ere iazko planteamendu bera errepikatu dugu; karpa bat ipiniko dugu”.
Osasun egoera dela eta, egoten ari diren dekretu aldaketak tarteko, sarrerei buruzko informazioa ondorengo egunetan zabalduko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Informazio guztia jaialdiaren web orrialdean zabalduko dute. “Ondorengo ordu edo egunetan egon daitezkeen aldaketak kontutan edukita, sarrerei buruzko informazioa zabaltzea egun batzuk atzeratzea erabaki dugu, aforoarekin arazorik eta jaialdira sartzeko eskakizunekin arazorik egon ez dadin. Momentuko dekretuarekin jarraitzen bada, ikuskizun bakoitzeko 200 sarrera jarriko dira salgai, baina ondorengo egunetan egon daitezkeen aldaketen zain geratzen da Mutrikuko Udala”.
Egoeran aldaketarik ez badago, salgai ipiniko duten sarrera kopuruaren %50a Mutrikuko Turismo Bulegoan salduko dute; sarrera horiek Mutrikuko bizilagunek erosi ahal izango dituzte bakarrik. Sarreren beste %50a jaialdiaren web orrialdean egongo da eskuragarri; sarrera horiek herritarrek zein kanpotarrek erosi ahal izango dituzte.
EGITARAUA
- Uztailak 29. Olatz Salvadorren kontzertua, 22:00etan.
- Uztailak 30. Laumono taldearen kontzertua, 20:00etan.
- Uztailak 31. Oreka Tx taldearen eta Gure Ametsa dantza taldearen ikuskizuna, 20:00etan.
- Abuztuak 1. Kantu koloreren ikuskizuna, 19:00etan.
- Abuztuak 2. Nøgen taldearen kontzertua, 22:00etan.
- Abuztuak 3. Kawadeni dantza eta perkusio talde afrikarraren ikuskizuna, 20:00etan.
- Abuztuak 4. Dardara filmaren proiekzioa eta Auzi taldearen kontzertua, 22:00etan.
- Abuztuak 5. Biren eta Errietan taldeen kontzertua, 19:00etan.
- Abuztuak 6. Izaroen kontzertua, 22:00etan.
- Abuztuak 7. Oinkari eta Hika teatroaren Gazte ikuskizuna, 20:00etan.
- Abuztuak 8. Mutrikuko Musika Bandaren kontzertua, 20:00etan.