Jendetza batu da Bilbon, erreferendumaren alde
Milaka herritar batu ziren zapatuan [uztailak 3] Bilbon, 'Erreferendumaren alde' lelopean estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidearen alde egin zen mobilizazioan.
Aldarrikapen politikoz betetako mobilizazioa egin zuen Hamaika Gara egitasmoak Bilboko udaletxeko eta Arriagako zubien artean zapatu [uztailak 3] arratsaldean. Milaka herritar batu ziren, Erreferendumaren alde lelopean estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidearen alde egin zen mobilizazioan.
Euskal kulturak ere tarte berezia eduki zuen burujabetzaren aldeko mobilizazio erraldoian. Zetak eta Dupla taldeek, Olatza Salvadorrek eta Itziar Ituñok zuzenekoa eskaini zuten itsasadarretik zihoan ontzi batetik, ibaiaren alde bietan batu zirenen gozamenerako.
Ekitaldiari amaiera emateko, Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileak manifestua irakurri zuen. Burujabe izateak berebiziko garrantzia duela azpimarratu zuen. “Osasun krisiak erakutsi digu urjenteenari erantzuteko ere, erabakitzeko ahalmena behar dugula, baina ezin dugu begirada urjenteena den horretan bakarrik jarri. Begirada altxatzen hasteko unea da, unean uneko urjentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin”.
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea udazkenean berrekitekoa da estatus politiko berriari buruzko eztabaida, eta prozesu horri begira bere gutxienekoa finkatu du Hamaika Gara egitasmoak. “Ordezkari politikoek olatu demokratikoa hartzeko aukera historikoa dute. Badirudi udazkenean berriz ere eutsiko diotela estatus politiko berriari buruzko eztabaidari. Gai hau ezin da gehiago atzeratu, eta anbizio politiko handiagoa merezi du”.
Sinadura bilketak ere martxan jarraitzen duela gogorarazi zuen; Hamaika Gara dinamikaren asmoa da urtea amaitu arte luzatzea. “Burujabetzaren bidean sinadurak eta konpromisoak biltzen ari gara orain, eta eskumuturreko hau sinatzaileok gure konpromisoa adierazteko ikur bilakatu dugu. Urte amaierara arte, sinaduren bidez konpromisoak biltzen jarraituko dugu, eta era berean, herri eztabaida bat sustatuko dugu burujabetzarako bidean hurrengo urratsak zeintzuk izan behar diren adosteko. Galdera dagoeneko ez da gure etorkizuna erabakiko dugun ala ez; galdera da noiz eta nola erabakiko dugun”.
Zapatuan, era berean, 2022ko udan gauzatu nahi duten mobilizazio “erraldoiaren” berri ere eman zuten. “2022ko udan, katalan eta euskal herritarrok elkarrekin antolatuko dugun lehen mobilizazioa egingo dugu. Datorren zapatuan [uztailak 10] aurkeztuko dugu”.