Uztailaren 19tik 23rako astean ekarriko dute Plaiko Zubia
Plaiko Zubiaren muntaia bi bat aste atzeratuko da. Bien bitartean, zubiari probak egiten jarraitzen dute egitura zaharberritu duen Asturiasko lantegian.
Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarroako Udalari jakitera eman dionez, Plaiko Zubiaren muntaia bi bat aste atzeratuko da. Zehaztu dietenez, azpiegitura uztailaren 19tik 23rako astean ekarriko dute Ondarroara. “Esan digutenez, probak egiten jarraitzen dute metalezko egitura zaharberritu duen Asturiasko lantegi espezializatuan. Pieza batzuk eraikitzear dituzte, eta egitura guztira batera ekartzea erabaki dute”.
Egitura Ondarroara ekartzen dutenean, Alamedan ipiniko dituzte zubiaren zati guztiak. Iragarri dutenez, desmuntaketan egin zuten prozesu bera egingo dute, baina aurkako ordenan.