Formakuntza saioak emango ditu Itaiak Lekeition eta Ondarroan
Lea-Artibai eta Mutrikuko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak hiru formakuntza saio eskainiko ditu uztailean. Saioak Lekeition eta Ondarroan egingo dituzte. Emakume langileon heziketa politikoa I deritzon lehenengo saioa eguenean [uztailak 8] 12:00etan hasita eskainiko dute Lekeitioko Gaztetxean.
Eskualdeko Itaiako ordezkariek azaldu dutenez, barikuan [uztailak 9] ere formakuntza saio bera emango dute Ondarroan. 12:00etan ipini dute hitzordua, Kofradia Zaharrean. “Itaiatik jardunaldiak egin ziren, eta iruditu zitzaigun oso aberasgarria izango zela emakume langileari buruzko jardunaldiak antolatzea, batez ere, geu formatzeko, errealitatea hobeto ulertu ahal izateko eta horri aurre egiteko proposamen politikoak garatzen joateko”.
Uztailaren 15ean, berriz, eguenean eta barikuan eskainitako formakuntza saioaren bigarren zatia eskainiko dute, Ondarroako Kofradia Zaharrean; 12:00etan hasiko da saioa. Formakuntza eguna baliatuta, bestelako ekintzak ere egingo dituzte, “ikasturtea agurtzeko”. Besteak beste, bazkaria antolatu dute Ondarroako Gaztetxean. Bazkaritan parte hartu nahi dutenek eskualdeko Itaiaren sare sozialetara edo itaialeaartibai@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. Eguneko proposamenak Azpeitiako Aitza taldearen kontzertu akustikoagaz amaituko dituzte. 17:00etan hasiko da kontzertua Gaztetxean.