Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskumena eskualdatzeko dekretua onartu dute
Zehaztu dutenez, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera gauzatuko da eskumen eskualdaketa. Horri esker, eraikina eraitsi ahal izango dute.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Espainiako Gobernuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren azken akordioa onartu du gaur [uztailak 6]. Izapide horri esker, Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskumena Jaurlaritzaren eskuetara pasako da behin betiko. Eskumen horregaz batera, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hiru euskal espetxeen kudeaketari lotutako eskumena, Errepide Garraioarena eta ISSN kode bibliografikoaren eskumena eskualdatuko zaizkio euskal erakundeari.
Lau eskualdatzeak maiatzaren 10ean Bilbon egindako Batzorde Mistoan adostu zituzten. Espainiako Ministroen Kontseiluak ekainaren 29an onartu zuen lau transferentzien Errege Dekretua, eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, gaurko Gobernu Kontseiluan onartu du akordioa.
Zehaztu dutenez, euskal dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta errege dekretua Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera gauzatuko dira Ondarroako Itsas Barrutiaren eraikinaren eta ISSN kode bibliografikoaren eskumenen eskualdaketak. Dekretua onartu ostean, beraz, Jaurlaritzak Ondarroako portuko eraikina eraisteko eskumena edukiko du. Eraikina eraitsi ostean, lonja berriko bigarren faseko lanekin jarraitu ahalko dute. Eraikina eraisten dutenean, biribilgune bat eta kargatutako kamioiak portutik irteteteko arrapala eraikiko dute gune horretan.
Espetxe arloko eginkizunen eta zerbitzuen transferentziak, ostera, urriaren 1etik aurrera edukiko du eragina, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioak hala erabakita. Gaineratu dutenez, Errepideko garraioaren gaineko giza baliabideen, aurrekontu baliabideen eta ondare baliabideen transferentzia Eusko Jaularitzaren, Espainiako Gobernuaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien arteko hitzarmenak sinatzen direnean gauzatuko da. Edonola ere, hitzarmen horiek 2021. urtean egin behar direla azpimarratu dute.