Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia lehiatuko dute Mugertza anaiek
Ugaitz Mugertza lehen mailan ariko da eta Aratz Mugertza, aldiz, promozioko kategorian. Uztailaren 16an jokatuko da txapelketa, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Aizkolariek eurek iaz bultzatutako proiektuak jarraipena edukiko du aurten ere. Iragarri dutenez, Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia izango da lehen hitzordua. Proba uztailaren 16an jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 22:00etan hasita. Gaur [uztailak 6] aurkeztu dute txapelketa, eta bertan parte hartuko duten 24 aizkolarien artean izango dira Ugaitz eta Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrak. Ugaitz Mugertza lehen mailan ariko da eta Aratz Mugertza, berriz, promozio mailan.
Txapelketaren antolatzaileek azaldu dutenez, bikoteak kategoriaren arabera lehiatuko dira. “Txanda libreko modalitatean enbor sorta desberdinak moztu beharko dituzte”. Promozio mailako bikoteak hasiko dira lehenengo. Eneko Saralegi nafarrarekin batera osatuko du bikotea Aratz Mugertzak. Kategoria bereko honako bikoteen aurka neurtu beharko dituzte indarrak: Larrea III-Zelai IV, Jauregi-Eloy Corchero eta Julen Kañamares-Pellejero. Lanei dagokienez, bederatzi enbor moztu beharko dituzte: lau kanaerdiko, 60 ontzako hiru enbor eta bi oinbiko.
Txapelketa ikusteko sarrerak salgai daude; 18, 9 eta 5 euro artean balio dituzte sarrerek
Txapelketak emakumeen proba berezi bat ere badakar berrikuntza modura; lehian hasten hurrengoak eurak izango dira. Hiru bikoteren aurtean erabakiko da kategoria horretako txapelketa, honakoen artean: Zelai III-Ansorregi, Tanco-Maika eta Arruti-Julia. Lanei dagokienez, lau enbor moztu beharko dituzte: oinbeteko eta 45 ontzako bina enbor.
Lehia lehen mailako aizkolariek itxiko dute. Eneko Otaño beizamarrarekin batera osatuko du bikotea Ugaitz Mugertzak, eta honako lau bikoteen aurka ariko dira: Iker Vicente-Azurmendi, Larrañaga-Mujika, Iruzu-Rekondo eta Txikia IV-Atutxa II. Lanei dagokienez, hemezortzi enbor moztu beharko dituzte: zortzi kanaerdiko, 60 ontzako sei eta lau oinbiko.
Zaleek punta-puntako aizkolarien lehia hurbiletik ikusteko aukera edukiko dute. Sarrerak Azpeitiko Mendizabal Erretegian eta txapelketaren webgunean daude salgai. 18, 9 eta 5 euro artean balio dituzte sarrerek.