Lea-Artibaiko herritarrek ere Busti Zaitez kanpainagaz bat egiteko aukera edukiko dute
Esklerosi anizkoitza dutenei elkartasuna eta babesa erakutsi nahi dutenek, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan edukiko dute horretarako aukera domekan [uztailak 11]. Goizean irekiko dituzte igeri egiteko guneak.
Domekan [uztailak 11] esklerosi anizkoitza duten pertsonen aldeko elkartasun olatuekin bustiko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako igerileku eta hondartzak; 80 leku baino gehiagotan igeri egiteko aukera egongo da. Aurreko urteetan legez, Lea-Artibaiko zenbait herrik ere bat egingo dute ekimenagaz. Hain zuzen ere, Lekeitioko Isuntza hondartzan, Markina-Xemeinengo Atxondo kiroldegiko igerilekuan eta Ondarroako Arrigorri hondartzan elkartuko dira gaitz hori dutenen alde igeri egiteko.
Ekimenak aurten ere harrera ona edukiko duelakoan daude antolatzaileak. Herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egin diete, “gaixotasun sendaezin eta degeneratibo hori pairatzen duten guztiei laguntza eta babesa emateko”. Goizean irekiko dituzte guneak, baina egun osoko ekimena izango dela iragarri dute.
Material salmentatik lortzen den dirua errehabilitazio eta zerbitzu sozialak finantzatzeko izango dela zehaztu dute
Esklerosi anizkoitza duten pertsonei elkartasuna adierazi, gaixotasunari ikusgarritasuna eman eta gizartea gaitzari buruz sentsibilizatzeko ekintza izango da domekakoa. “Edozeinek parte hartu ahal izango du ekintzan, doan”. Iragarri dutenez, esklerosi anizkoitzaren alde busti nahi duten herritarrek hondartzetan edo igerilekuetan mugatutako eremuetan egin beharko dute igeri. “Ez dago gutxieneko distantziarik, nahi beste metro egin daiteke igeri. Burututako metroak zehaztuta agertzen den diploma akreditatzaile bat jasoko dute igeri egingo duten guztiek”.
Kanpainagaz bat egin duten herrietan, gainera, boluntarioen eskutik gaixotasunari buruzko informazioa ere jaso ahalko dute herritarrek. Materiala ere salgai ipiniko dute; salmentatik lortzen diren irabaziak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteen errehabilitazio eta zerbitzu sozialak finantzatzeko izango direla zehaztu dute. Sendabiderik gabeko gaixotasuna da, eta, oraingoz, gaixoen bizi baldintzak hobetzeko aukera ikerketan oinarritzen da. Azpimarratu dutenez, horregatik da garrantzitsua herritarrak sentsibilizazio kanpainetan parte hartzea.
Jardunaldi amaieran hiru lurraldeetako guneetan igeri egindako metro guztiak zenbatuko eta batuko dituzte, esklerosi anizkoitzak pairatzen dutenei elkartasuna “modu sinbolikoan” adierazteko.