Lorea Larrañaga mutrikuarrak misio bat osatu du 'Aita Mari' erreskate ontzian
Mediterraneoko uretan dozenaka erreskate egin ditu azken urteotan ‘Aita Mari’ ontziak. Erreskate horietako batean boluntario modura parte hartzeko aukera eduki du mediku mutrikuarrak.
Errefuxiatuen krisi humanitarioak ez dauka etenik Mediterraneoan. Krisi horri erantzun nahian ari da lanean Aita Mari erreskate ontzia 2017tik. Garai batean atunontzia izandakoak Mediterraneo erdialdeko SAR eremuko uretan noraezean dabiltzan migratzaileen erreskate misioak egiten ditu. Gerrateetatik, gosetetik edo zapalkuntzatik ihesi datozen, eta etorkizun berri baten bila ontzi ezegonkorretan datozenei laguntza ematen diete. Misio horietako batean parte hartzeko aukera eduki du Lorea Larrañaga Azpiazu mutrikuarrak.
Mediku boluntario modura aritu da laguntzen; bost asteko kanpaina osatu du. “SMH Gobernuz Kanpoko Erakundeak Greziako Kios irlako errefuxiatuen kanpaleku batean duen klinika batean asistentzia sanitarioa ematen aritu nintzen iazko uztailean. Bertan Izaskun Arriaran Kioseko eta Aita Mari proiektuetako sanitarioen koordinatzailea ezagutu nuen, eta Aita Mari-n boluntario modura parte hartzeko proposamena egin zidan”. Proposamena onartu ondoren, maiatzaren 1ean ontziratu zen Almeriako (Espainia) Adra portuan.
Adierazi duenez, ontzia astebetez portuan lotuta egon behar izan zen, zegozkion baimenak lortu artean. Azpimarratu duenez, ohi modura, zailtasun burokratikoek baldintzatutako misioa izan da. “Itsasoratu aurretik ontziari azterketa teknikoa pasatzea eskatu zigun Espainiako Gobernuak. Itsasoratu ondoren, Italiak ontziari blokeoa ezarriko zionaren beldur, beste herrialde neutroago batera joatea aholkatu ziguten. Almeriatik Korsikara joan ginen, baina Korsikara ailegatzen geundela, bertan ez zegoela inspektorerik eta beste portu bat aurkitu beharko genuela esan ziguten. Azkenean, Marseillako portuan pasatu genuen azterketa”.
Larrañagak parte hartu duen misioan erreskate bakarra egin dute. Zehazki, Libiatik egurrezko ontzi batean itsasoratutako 50 migratzaile erreskatatu zituzten Maltako uretan, maiatzaren 27an. “Albisteen zain hainbat egun egon ostean, arratsaldeko lehen orduan abisu bat jaso genuen jakinarazten ontzi bat noraezean zegoela gu geunden tokitik gertu. Erreskatea egun argiz egin genuen, eta horrek asko erraztu zituen erreskate lanak. Itsaso ona tokatu zitzaigun, gainera, eta sorosleen erreskate txalupak haien bila irten zuenean, dena ondo joan zen”.
Gaineratu duenez, erreskatatutako guztiak gizonezkoak eta jatorri berekoak ziren. “Guztiak marokoarrak eta gizonezkoak ziren, oso gazteak, 20 eta 40 urte bitartean izango zituzten. Tartean, lau adingabe ere bazeuden: hiru 17 urtekoak eta bat 16 urtekoa. Esan digutenez, oso arraroa izaten da soilik jatorri horretako pertsonak erreskatatzea, normalean ez omen da horrela izaten”.
Erreskatatuak lau egunez egon ziren ontzian, harik eta porturatzeko baimena eman arte
Guztiak salbu ipini eta osasun egoera onean zeudela ziurtatu ostean, ura, janaria eta arropa garbiak banatu zizkieten. “Busti-busti eginda eta oso nekatuta ailegatu ziren. Guztiei antigenoen proba egin genien, eta zortekoak izan ginen, guztiak negatibo izan ziren eta. Mediku azterketa egin ondoren, ez zutela osasun arazorik baieztatu nuen. Zauri gutxi batzuk zituzten, baina psikologikoki oso ikututa zeudela nabaritu nuen. Gerratik, bortizkeriatik eta miseriatik ihesi datozen pertsonak dira, errealitate oso gogorrak bizitakoak”.
Agertu duenez, erreskatatuak lau egunez egon ziren ontzian, harik eta porturatzeko baimena eman arte. Momentu horretan ere zailtasun burukratiko handiei aurre egin behar izan zietela nabarmendu du. Erreskatea Maltako uretan gauzatu zutenez, Maltari eskatu zioten laguntza lehenengo, eta hark pertsona horiek ezin zituela hartu erantzun ostean, Italiari eskatu zioten laguntza. Baina Italiak “entzungor” egin zuela eta inork portu seguru bat eskaintzen ez ziela ikusirik, Sizilia aldera abiatu ziren.
Lehorreratzeko porturik ez bazuten ere, kostalde horretan ibili ziren, erantzunaren zain. “Ez Maltak eta Italiak ez ziguten kasurik egiten, eta ontziak Espainiako bandera duenez, Espainiari bitartekari lanak egin eta laguntzeko eskatu zitzaion. Espainiako Gobernua Italiakoarekin jarri zen harremanetan, eta astelehenean, halako batean, Sizilia irlako Augusta portuan lehorreratzeko baimena genuela esan ziguten”.
Lehorreratzeko portu seguru bat esleitzeko igaro ziren lau egun horietan tentsio momenturen bat edo beste bizi izan zutela ere aitortu du, baina ez zela ezer “larria” izan nabarmendu du. “Siziliako kostaldearen aurrean mantendu ginen tarte horretan, erreskatatuek ez zuen ulertzen zergatik ez ginen porturatzen. Egoera ezin genien oso ondo azaldu, batek gaztelaniaz ulertzen zuen pixka bat eta beste batek beste pixka bat ingelesez; halamoduz azaldu genien egoera. Egunak aurrera joan ahala tentsioa gehitzen joan bazen ere, ez zen liskarrik egon. Oro har, ondo portatu dira, elkar laguntzen aritu dira eta guri ere lagundu digute zenbait zereginetan”.
Erreskate bakarra egin badute ere, itsasoratu eta ordu gutxira beste bat egiteko zorian egon zirela azaldu du. «Gauerdian lo geundela, kapitainak abisua eman zuen. Ontzigainera irten genuenean patera bat ikusi nuen gau ilunaren erdian. Momentu hori oso gogorra izan zen niretzat. Egoera horietan itsasoan egotea benetan gogorra iruditu zitzaidan. Itsasoa oso mugitua zegoen, eta ezin genuen ezer egin. Espainiako uretan geunden oraindik, eta Espainiako kostazainek arduratuko ziren erreskateaz. Bien bitartean, pateraren bueltan bueltaka aritu zen Aita Mari, ontzia hondoratzen ez zela zaintzen eta asistentzia ematen, badaezpada”.