Mutriku-Deba zubiaren berreraikitze lanak balioan jartzeko erakusketa bat zabaldu dute
Zubiari buruzko eraskusketa Debako Anes Arrinda pasealekuan zabaldu dute; etxola batean ipini dute informazio gunea.
Eguaztenean [uztailak 7] inauguratu zuten zubiaren ondoan ipini duten erakusketa, eta bultzatzaileek azpimarratu dutenez, lanak duen konplexutasunagatik eta azpiegiturak ondare modura duen balioa ezagutaraztea funtsezkoa iritzita antolatu dute. “Kultur ondasun honen kontserbazioa zaintzeaz gain, ondare hori baloratu eta zabaltzea dagokigu”. Erakusketa zaharberritze lanak egiten ari diren lan orduetan dago zabalik: astelehenetik barikura, 08:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 17:30era.
Gaineratu dutenez, Mutrikuko eta Debako herritarrentzat zein bisitarientzat Debako itsasadarraren gainean egiten ari diren lanari jarraipena egiteko beste era bat izan daiteke erakusketa. “Jarraipen hori askoz hobeto ulertu eta estimatuko da, gune horretan jarri ditugun baliabideei esker. Bertaratzen direnek, jada galduta dauden eraikuntza teknologiak eta metodoak hurbilagotik ezagutzeko aukera ere edukiko dute”.
Zubiaren erakusketa ikustera gerturatzen direnei “ibilbide bat” proposatu nahi izan diete. Zehaztu dutenez, Jose Antonio Kortazar zubiaren proiektugilearen irudia ezagutara ematen du erakusketak, baita ere zubiaren historia, larrialdi faseak, egungo berreraikuntza faseak, antzeko ezaugarriak dituzten harrizko zubiak eraikitzeko lanen ezaugarriak eta Gipuzkoako harrizko zubi katalogatuei buruzko informazioa.
[Zuzenean inaugurazio ekitaldiaren ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Erakusketari dagokionez, informazio zabalena larrialdi eta berraraikuntza faseen deskribapenari dagokio.”Larrialdi fasean zimenduak nola azpiberritu ziren, bigarren eta hirugarren gangetatik zintzilikatzeko auto zinbria nola jarri zen eta oinezkoen pasabidea nola muntatu zen ikusi ahal izango da. Pasabide hori ondorengo berreraikuntza lanei ez eragiteko moduan muntatu zen”.
Une honetan egiten ari diren lanik adierazgarrienak ere ikusgai daude berreraikuntzari buruzko paneletan. Datozen hilabateetan egingo diren lanei buruzko informazioa ere badago erakusketan. Informazio hori guztia multimedia informazioarekin eta zubiaren maketa ikusgarri batekin borobildu dituzte. “Maketa Lasturko harrobiko harrizko piezekin eraikita dago, eskalan, eta garai hartako zubien eraikuntza teknikei buruzko xehetasunak ematen ditu. Besteak beste, zubiak eraikitzeko erabiltzen ziren zurezko zinbriak ere baditu”.
1866an eraikitako eta kultur ondare izendatutako zubiaren erdiko zutarria bat-batean amildu zen 2018ko uztailaren 5ean goizealdean. Orduz geroztik, hainbat lan egiten dituzte azpiegituran. Datorren urte hasieran amaitzea espero dute obra, eta une honetan, behera eginda dagoen bigarren oinaren azpiko zimenduak indartzen ari dira, hormigoizko hodiak sartuz; 37 metro uretan behera ari dira hodiak sartzen. Aurreratu dutenez, obren unerik ikusgarriena abuztuan izango da; eskuz banan-banan harriak kenduko dizkiote zubiari, gero berriz eraikitzeko.