Lehendakariak eta Arantxa Tapiak Etxebarriko Eika kooperatibaren lantegia bisitatu dute
Kooperatibaren proiektua eta etorkizuneko erronkak ezagutu dituzte lehen eskutik. Lehendakariak azpimarratu duenez, Eika etengabe garatzen ari den proiektu kooperatiboa da.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak Eika kooperatibak Etxebarrian dituen instalazioak bisitatu dituzte gaur [uztailak 15]. Instalazioak bisitatu aurretik, bilera bat egin dute kooperatibako arduradun eta kideekin eta, bertan, kooperatibaren proiektua eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko aukera eduki dute lehen eskutik. Ondoren, instalazioak, elektronikako laborategia eta ekoizpen planta ezagutu dituzte bertatik bertara.
Eurekin batera, Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkatea ere egon da, eta baita ere Iñigo Ucin Mondragon Corporationeko presidentea, Javier Zarraonaindia Industria sailburuordea eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria.
Lehendakariak azpimarratu duenez, Eika etengabe garatzen ari den proiektu kooperatiboa da. Gaineratu duenez, kooperatibak ekoizpena handitu, kalitatea hobetu eta dibertsifikatu eta nazioartekotzearen aldeko apustua egin du. Eikak duela ia 50 urte finkatu zuen helburu bera nabarmendu nahi izan du. “Euskadin lanpostuak sortzea bilatzen dugu. Eredu hori erreferentziazkoa da gure herrialdeko ekonomia eta industria sarearentzat. Gobernuaren eta euskal erakundeen aldetik, gure laguntza eta babesa izaten jarraituko duzue”.
Kooperatibako ordezkariek esan dutenez, nahiz eta pandemian egon, aurten mundu mailako merkatuan kuota irabaztea lortu dute. “Aurtengo ekitaldian inoizkorik gehien fakturatzea espero dugu; 120 milioi euroko fakturazioa gainditzea espero dugu”.
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Sorrera. Lea-Artibaiko ekintzaile talde batek 1973an sortu zuen Eika kooperatiba. “Emakumeen artean enplegua sustatzeko helburuagaz sortu zen”. Hasiera batean, ikusirik egosteko berokuntza elementu elektrikoen eskaria gero eta handiagoa zela, sukaldeetarako plaka elektrikoak eta labeetarako berotze sistemak ekoizten zituzten. Baina 1995ean bitrozeramikarako foku erradiatzaileak ekoizten hasi ziren, eta gerora eskaintza zabaldu zuten.
Etxetresna elektrikoen fabrikatzaileentzako Eika erreferentea dela diote, “bereziki bitrozeramiketan”. Hala, 1995etik 200 milioi unitate baino gehiago saldu dituztela diote; munduko merkatu kuotaren %45a dauka. “Munduko edozein tokitan egonda ere, bitrozeramikazko sukalde bat pizten baduzu, bitik baten Eikaren osagai bat aurkituko duzu”.
Gaur gaurkoz, Eika 1.100 langile baino gehiago dituen “familia” dela eta erdiak Etxebarriko lantokian lan egiten dutela esan dute; 360 langile Mexikon ari dira, eta gainerakoak Polonia eta Txekiar Errepublikan. Gaineratu dute azken bost urteetan urtero bost milioi euro baino gehiago inbertitu dituztela automatizazioan.