Ruben Sudupe: "Lazuna era itxian haztea ez da lan erraza izan"
Kardala akuakultura eskolan lazunak akuikultura bidez zelan hazi aztertzen ari dira. Ospe txarra kendu, eta jateko osasungarria eta ekoizteko arrain jasangarri bat lortzea da proiektuaren asmoa.
Duela hiru urte eta erdi hasi zineten Akura proiektua garatzen. Ze etapatan dago?
Hirugarren etapa bat hastekotan gaude. Orain arte Akuraren lehen bi faseetan murgilduta egon gara. Urte natural honen bukaeran ikerketa prozesuaren bigarren fasea amaituko da. Arrantza
Sailari proiektua luzatzeko eskaera egin diogu, eta ofizialki baietzik eman ez badigute ere, interesa badutela erakutsi digute. Ikerketa prozesu hauek ezin dira epe motzekoak izan, izan ere, arrainaren zikloa osatzeko urte batzuk behar dira.
Lehen bi fase horietako ikerketa prozesua zelan joan da?
Orain arte egin dugun ikerketak itxaropen handiak irekitzen dizkigu. Egin dugun ikerketan ikusi dugu lazuna (Chelon labrosus) ondo moldatzen dela akuikulturako birzirkulazio sistema erabiltzen duen hazkuntza sistema itxietara. Gauden mailan lazuna etorkizun oparoko arraina dela esango nuke; orain, beste eskala batean lan egitea dagokigu.
Zein eskalatan?
Etekin ekonomikoari erreparatuta, eta lupinarekin eta urreburuarekin gertatzen den bezala, enpresa bat proiektu honekin interesatzeko gai den eta dirua egitea posible den ikertzen hasi behar dugu orain.
Lazunaren haragia Omega-3 gantzetan oso aberatsa dela ondorioztatu du ikerketak
Proiektuari dagokionez, zein izango da hurrengo pausoa?
Orain arte ikusitako guztia eskala handiago baten frogatzea falta zaigu; maila horretan sortu daitezkeen arazoak saihesten saiatu behar gara prozesu horretan. Euskal Herrian eskala handian arrainak hazteko instalazio askorik ez dago. Bi daude bakarrik, eta horietako bat Orruan (Zumaia) dago, garai batean erreboiloa hazten zuten lekuan. Hor probak eskala handiago batean egiteko aukera daukagu. Ekoizpen prozesuaz geu arduratuko gara, eta hori izango da Kardalaren hurrengo apustua. Orruan industria mailako ikerketa prozesua bertan probatu ahal izateko elementu asko daude, baina beste hainbat instalazio berregituratu egin beharko ditugu. Guretzako sekulako baliabide pedagogikoa izango da. Instalazioa gure zentrotik hurbil dago, eta laginketak eta bestelako lanak egin behar direnean ikasleekin joango gara.
Lazunak gure kulturan ez du ospe onik.
Gure portuetan zikin artean igerian ikusi izan dugun arrain bat izan da beti, eta horrek atzerakoa eman dezake. Orojalea da eta, hortaz, material organikoa dagoen toki guztietan dago. Arrain hau zikinkeriarekin erlazionatzen dugu, baina ikuspegi hori aldatu egin behar da. Ur handitan arrantzatzen diren aleek kalitate oso oneko haragia dute; egia esan, haragi horrek prozesatzerako orduan aukera bikainak ematen ditu. Elenita Berria-k porturatzen dituen lazunak, esate baterako, prezio onean saltzen dira Mutrikuko portuan. Hemen ere lazuna jateko ohitura badago, baina ez portukoan arrantzatutakoarena, baizik eta ur handitan arrantzatutakoarena. Arrain honi dagokion balioa eman behar zaio, eta alde horretatik ere lana egitea dagokigu orain.
Proiektua lazunarekin garatzea hasieratik argi eduki zenuten?
Ez zen gure lehen aukera izan. Lupinarekin hasi ginen, baina lupinak badauka nolabait ikerketa prozesu bat abiatuta. Baina, gero garbi ikusi genuen ikuspegi jasangarri bat kontuan hartuta lan egin behar genuela.
Zelako haragia du lazunak?
Lazunak lipidoak ondo digeritzen ditu eta, ondorioz, bere haragia Omega-3 gantzetan oso aberatsa dela ondorioztatu du ikerketak. Ezaugarri horri esker, gastronomia ikuspegitik interesgarria bihurtu daiteke. Gantz pixka bat duten haragiak samurragoak eta gozoagoak dira, eta horrek aukera asko ematen ditu arraina prozesatzerako orduan. Ketzeko, eskabetxean edo parrilan prestatzerako aukerak ematen ditu, besteak beste.
Ziklo biologikoaren kontrola edukitzea, egia esan, ez da batere lan erraza. Helburu hori lortzeko bidean ikertzen jarraituko dugu
Sukalderako produktu modura, zer neurritako lazunak ari zarete hazten?
250-300 gramoko alea menuetan ateratzeko neurria da. Tamaina horretako arrainak 18-22 hilabete artean lor daitezke. Denbora tarte horretan neurri komertziala ekoiztera ailegatu gara. Kiloko formatuan saltzeko ere oso haragi ona da. Xerra nahikoa garbia du, aprobetxagarria da guztiz; maila horretatik arrain interesgarria da. Oso arrain garbia da. Buru handia ere ez dauka, ezta hezurdura handirik ere.
Akuikulturako laborantzetan ia tradiziorik ez duen espeziea da. Ze zailtasun eduki dituzue?
Lazuna era itxian haztea ez da lan erraza izan. Arrain hauen ziklo osoa ez daukagu lortuta. Ezin ditugu lortu arrainkumeak nolanahi, oraingoz ingurune naturaletik hartu behar ditugu, eta horretarako arrantzatu egin behar ditugu. Eskolan betidanik eduki ditugu lazunak, eta bi aldiz errutea ere lortu dugu. Errute horietatik abiatuta ere egin ditugu ikerketak, baina ez daukagu guztiz lotuta errutearen kontrola. Etorkizunean ekoizpen bat egin nahi baldin badugu, arrainkumeak edukitzea ziurtatu beharko dugu, eta horretarako zikloa itxita eduki behar da. Ziklo biologikoaren kontrola edukitzea, egia esan, ez da batere lan erraza. Helburu hori lortzeko bidean ikertzen jarraituko dugu.
Prozesu horretan, lazuna zelan ari zarete hazten?
Lazuna sistema berritzaile batekin hazten hasi gara: RAS edo akuikulturako birzirkulazio sistemarekin, alegia. Hazkuntzan erabilitako ura tratatzen, garbitzen eta berrerabiltzen duen hazkuntza sistema itxia da honakoa. Ura baliabide preziatua eta urria denez, etengabe kontsumitzen egon beharrean ziklatu egiten du; ur hori zikintzen doan heinean garbitzeko eta berreskuratzeko baliabide teknologiko batzuk behar ditugu. Sistema horrekin baliabide energetikoak optimizatzen ditugu, eta alde horretatik ere proiektu jasangarria da.
Lazunaren liseri aparatua orojalea izatera egokituta dago
Lazuna orojalea da. Horrek zer abantaila ditu?
Orojaleak diren arrainak ikertzera derrigortuta egon beharko ginateke hein handi batean. Europan haztegietan ekoizten diren arrain guztiak haragijaleak dira. Arrain horiek beste arrain batzuekin egindako pentsuaz elikatzen dira, eta hori jasangarritasun ikuspuntu batetik ez da bideragarria. Itsasoa babeste aldera, itsasoarekiko dugun menpekotasun hori ere gelditu egin beharko dugu, eta horretarako arrain orojale edo belarjaleak ekoiztu beharko ditugu.
Aurre egin behar izan diezuen beste zailtasunetako bat, eurentzako pentsurik ez zegoela izan da, ezta?
Pentsu orekatu, egoki eta eraginkor bat lortzeko bidean ari gara, baina oraindik ez dugu lortu. Formatu ezberdinetako pentsuak ari gara aztertzen eta euren hazkuntzan zeinek hobeto erantzuten duen ikusten. Konturatu garena da pentsuak proteina altukoak edo gutxikoak erabilita ere, haragitan irabazten dutena antzekoa dela. Lazunaren liseri aparatua orojalea izatera egokituta dago, eta proteina askoko janaria emanda ere ondo metabolizatzen du, baina baita proteina gutxikoak ere.
Pentsu hori probatzerako orduan, zer ari zarete erabiltzen?
Mikroalgak ari gara inplementatzen pentsuan. Mikroalgak kate luzeko gantz poliasegabeetan oso aberatsak dira. Eskolan bertan ekoizten dugu fitoplanktona, eta hori gehitzen ari gara lazunaren elikaduran.