Asteburuko estropadetan emaitza onak lortu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko arraunlariek
Lekeitioko emakumezkoen traineruak ezin izan du Zumaiako uretan lehiatu den estropadan parte hartu. Gizonezkoei dagokienez, Ondarroak eta Isuntzak aurreko asteko postuei eutsi diete sailkapen nagusian. Mutrikuk, berriz, 4. postua lortu du Portugaleten.
Asteburuan lau estropada lehiatu dituzte Ondarroa, Lekeitio eta Mutrikuko arraun taldeetako traineruek. TKE ligako arraunlariek, esaterako, bi estropada lehiatu dituzte. Zapatuan [uztailak 17] Orioko uretan lehiatu zen estropadan, Lekeitioko ontzia izan zen bertoko ordezkarien artean azkarrena. Lekittarra-k 8. postuan amaitu zuen lehia; 20 minutu, 31 segundo eta 04 ehuneneko behar izan zuen estropada osatzeko. Antiguako Ama-k, ostera, 9. postuan amaitu zuten; Lekittarra-k baino segundo bat gehiago behar izan zuten estropada osatzeko, 20 minutu, 32 segundo eta 28 ehuneneko, denetara.
Domekan [uztailak 18] Getxoko uretan jokatu zen estropadan, aldiz, Ondarroak lortu zuen bertoko ordezkarien arteko emaitzarik onena. 7. postuan amaitu zuten estropada (20.16,54). Lekeitiarrak, berriz, 11. sailkatu ziren (20.36,38). Sailkapen orokorrari dagokionez, aurreko asteko postuei eusten diete bi klubek: Ondarroa zazpigarrena da 35 puntugaz eta Lekeitio bederatzigarren 27 puntugaz.
Asteburura arte berrogeialdian egon behar dute Lekeitioko emakumezkoen traineruko arraunlariek
ETE ligari dagokionez, zapatuan [uztailak 17] Zumaiako uretan jokatutako estropada 5. postuan amaitu zuen Antiguako Ama-k. Ondarrutarrek 11 minutu, 4 segundo eta 59 ehuneneko behar izan zuten estropada osatzeko. Isuntzako emakumeek, aldiz, ezin izan zuten estropadan parte hartu, taldean COVID-19agaz lotutako kasu positibo bat atzeman dutelako. “Aurreko eguenean [uztailak 15] arraunlarietako baten positibo eman zuen, eta taldekide gehienak konfinatuta daude”.
Asteburura arte ezingo dutela lehiatu esan du Fernando Zugasti taldeko entrenatzaileak. “Gainontzeko kideei orain arte egin dizkieten probetan negatibo eman dute, baina asteburura arte berrogeialdian egon behar dute. Hori horrela ezingo dugu Euskadiko traineru txapelketan parte hartu. Ea asteburuko ligako estropadan lehiatzeko moduan gauden”. Sailkapen orokorrari dagokionez, Ondarroa seigarrena da 6,38 puntugaz eta Isuntza zazpigarrena da 5,43 puntugaz.
KAE2 ligari dagokionez, Portugaleteko uretan domekan [uztailak 18] jokatu zuen estropadada 4. postuan amaitu zuen Mutrikuk. 21 minutu, 17 segundo eta 66 ehuneneko behar izan zuten estropada amaitzeko. Sailkapen orokorrean 5. postuan daude, 31 punturekin.