Uztailaren 28an hasiko dira Plaiko Zubia muntatzen
Aurreratu dutenez, egun batean burutuko dituzte muntaketa lanak. Alamedako aldeko zatia ipiniko dute lehendabizi eta ostean ipiniko dute ibaiaren beste aldeko zatia.
Zubiaren egitura metalikoa hasiera batean aste honetan [uztailaren 19tik 23ra] ekartzea arreikusita bazegoen ere, uztailaren 28an ekarriko dutela zehaztu dute gaur [uztailak 19] goizean egindako koordinazio batzarrean. Aurreratu dutenez, egun batean burutuko dituzte muntaketa lanak, baina azpiegitura jatorrizko kokapenaren gainean ipintzen hasi aurretik, Alameda eta inguruetan bestelako lanak egingo dituzte.
Aste honetan, esaterako, Itsasaurreko eta Alamedako zuhaitzak inausiko dituzte udal brigadako langileek, zubiaren zatiak ekarriko dituzten kamioiak eta garabiak Alamedara “trabarik barik” sartu ahal izateko. Azpimarratu dutenez, “ibilgailuak ondo pasatzeko eta zubiaren egitura ez markatzeko” moztuko dituzte zuhaitzen adarrak. Eguenean [uztailak 22], bestalde, kamioi eta garabi bat sartuko dira Alamedara. Adierazi dutenez, muntaketa lanak egiteko pieza batzuk deskargatuko dituzte. “08:00etan hasiko dira lanean”.
Datorren martitzenean [uztailak 27], berriz, muntaketa lanak egiteko garabietako bat ipiniko dute erreka ondoko pasealekuan, “hurrengo eguneko lanak egiteko prest”. Momentu horretatik aurrera pasealekua itxita geratuko da oinezkoentzat; zehaztu dutenez, 24 orduz egongo da itxita pasealekua, Astillerutik Itsasaurre Zubiraino tartean.
Muntaketa lanek eragozpenak eragingo dituzte Alamedako eta Itsasaurreko jardueretan.
Zubiaren egitura ere egun berean ailegatuko da. Aurreikuspenen arabera, bi kamioitan ekarriko dituzte hurrengo egunean muntatu beharreko zatiak; kamioiak eta muntaketa lanetan lagunduko duen beste garabi bat gauean ailegatuko dira Berriatuko Gardotza industrialdera.
Azpiegituraren instalazioa ez dela erraza izango azpimarratu dute. Iragarri dutenez, lanek eragozpenak eragingo dituzte uztailaren 28an Alamedako eta Itsasaurreko jardueretan. “Oso garrantzitsua izango da ezarritako arauak ondo betetzea lanak segurtasunez eta aurreikusitako denboran egin ahal izateko”.
Egitura dagokion lekuan ipinita egongo bada ere, gutxienez beste hilabete iraungo dute zubia behar bezala prestatzeko lanek
Alamedako aldeko zatia ipiniko dute lehendabizi; aurreikuspenak betetzen badira 08:00etatik 11:00etara burutuko dituzte lanak. Iragarri dutenez, garabi bat Alamedan sartuko da 07:30ean, eta ordu erdi beranduago, egituraren zatietako bat dakarren kamioia sartuko da. “Lanek dirauten bitartean ezingo da terrazarik ipini Itsasaurren eta Alamedan, eta garabiaren azpitik igarotzea ere debekatuta egongo da; ohiko karga eta deskarga egiteko aukerarik ere ez da egongo Itsasaurren. Zubiaren zatia instalatu ondoren, kamioia eta garabia sartu diren leku beretik aterako dira”.
Alameda aldeko egitura muntatu ostean, ibaiaren aldeko beste zatia muntatzen hasiko dira. Lanak 11:00etatik 14:00etara burutzea aurreikusi dute. “Zubiaren egitura ekarriko duen kamioia Itsasaurre Zubiaren parean egongo da aparkatuta; bertatik deskargatuko dute pieza”. Egitura dagokion lekuan ipinita egongo bada ere, gutxienez beste hilabete iraungo dute zubia behar bezala prestatzeko lanek.