Estibaliz Urresola eta Bego Vicario izango dira Benito Ansola sariketako epaimahaikideak
Sariketako hiru lan finalistak aukeratzeko ardura edukiko dute. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, irailaren 19a da sariketara proiektuak aurkezteko azken eguna.
Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak VI. Benito Ansola sarian parte hartuko duten epaimahaikideen izenak ezagutzera eman dituzte. Estibaliz Urresola euskal ekoizle eta zine zuzendariak eta Bego Vicario animazio esperimentalean aitzindariak edukiko dute sariketako hiru lan finalistak aukeratzeko ardura. “Lekeitioko 44. Euskal Zine Bileraren barruan iragarriko da lan irabazlea”.
Urresola zinemaren eta telebistaren industrian aritu da lanean urtez luzez, eta hainbat film labur eta dokumental egin ditu. Polvo somos (2020) bere azken film laburra, esaterako, Zinebiko sail ofizialean estreinatu zen, eta Gidoi Onenaren zein Euskal Film Labur Onenaren sariak jaso zituen. Vicario, ostera, Euskal Herriko aitzindarietako bat izan zen 1990eko hamarkadako animazio esperimentalean, eta EHUko Arte Ederren Fakultatean irakaslea da gaur egun.
Sariketaren antolatzaileek gogorarazi dutenez, irailaren 19a da proiektuak aurkezteko azken eguna. “18 eta 36 urte arteko ekoizle gazteen lanak sustatzeko helburua du sariak, eta 3.000 euroko saria jasoko du proiektu irabazleak”. Arlo ezberdinetako ikus-entzunezko lanak (fikzioa, sorkuntza, animazioa, dokumentalak…) aurkezteko aukera dago, baina, betiere, aurretiaz inon argitaratu gabekoak izan behar dute. Irabazleak hamar hilabeteko epea edukiko du proiektua gauzatzeko, eta 2022ko Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinatuko du jendaurrean.
Saridunak. Ondokoak izan dira lehiaketa irabazi duten zuzendari batzuk: David Zabala, Paul Urkijo, Aitor Gametxo, Joseba Ubeguraga, Maider Fernandez, Maria Elorza eta Ruben Rosas. Azpimarratu dute sariketa hori irabazi duten “askok bide oparoa” egin dutela beka irabazi zutenetik.