Pontxo Irigoien: "Miopia gero eta gazteagoen artean atzematen hasi gara"
Teknologia berrien erabilerak ikusmenean gero eta arazo gehiago eragiten dituela atzeman du Pontxo Irigoien optiko-optometristak Lekeitioko bere optikan. Begiak ondo babestea garrantzitsua dela dio.
Telefono adimendunak, ordenagailuak, tabletak… Teknologia mota horiek zelan eragiten diote ikusmenari?
Teknologia mota horiek gehiegi erabiltzeak kalte egiten die begiei. Besteak beste, ikusmen nekatua, begien lehorreria, burukomina… eragiten dituzte. Eta horretarako garrantzitsua da betaurrekoen kristala argia islatzen ez duten iragazkiagaz edukitzea. Graduatutako betaurrekoetan ez ezik, graduatu gabekoetan ere ipintzea gomendatzen da, iragazki horrek erradiazio urdina deritzona saihestu edo blokeatzen du eta.
Eta lentillen kasuan, badago begiak argi urdinetik babesten duten iragazkirik?
Iragazki hori daukaten lentilla batzuk badaude, baina ez da betaurrekoetako kristalean ipintzen den iragazkia bezain ona. Lentillak dauzkatenei graduatu gabeko iragazkidun betaurrekoak erabiltzea gomendatzen diegu. Bestelakoan, tantak botatzeko gomendatzen diegu, lentillak ondo hidratatuta mantentzeko eta ez eragiteko beste inolako arazorik.
Horrez gain, beste zer gomendio emango zenuke?
Nire ustez, oso garrantzitsua da lantzean-lantzean begiei atseden ematea. Orduerdiro edo 40 bat minuturo gelditzea komeni izaten da. Denbora jarraian hurrera begiratzen egon garenez, urrunera begiratzea komeni izaten da, ikusmena enfokatzeko orduan begiko kristalinoa mugitzeaz arduratzen diren muskulu ziliarrek atseden hartzeko. Bestelakoan, ikusmena etengabe behartzen ari gara. Pantaila bati denbora luzean begiratzen ari bagara, gutxiago kliskatzen ditugu begiak. Horrek, esaterako, begien lehorreria eragiten du. Begiak azkura eta mina ematen hasten dira, eta lentillak dituztenen kasuan, gehiago; begiak hidratatzeko sarri-sarri tantak botatzea gomendatzen dugu horrelako kasuetan. Ariketa horiez gain, gailu elektronikoa erabiltzen ari garen gelan ilunetan egotea ere ez da komeni; gela hori ondo argiztatuta baldin badago, hobe. Gela horretako argi une bakarra mugikorra edo tableta baldin bada, begietara linterna bateko argia zuzenean botatzea moduko efektua eragiten du. Gela hori beste argi batzuekin argiztatuta baldin badago, ostera, gutxiago itsutuko gaitu.
Telebistagaz ere gauza bera gertatzen da?
Ez du hainbeste eragiten, normalean, urrun kokatuta egoten delako. Urrun dagoenez, igortzen duen argia lausotzen doa.
Gailu teknologikoak gehiegi erabiltzeak luzera zer arazo eragin ditzazke ikusmenean?
Miopia faltsua edo akomodatua deitzen dena eragiten dute; begiek denbora guztian toki batera begiratzean giharrak gogortua modura geratzen dira, eta beste toki batera fokatzen duzunean gihar hori erlaxatu arte ez da ganoraz ikusten.
Ikerketek diote gero eta miope gehiago daudela.
Guk ere hala ikusi dugu. Are gehiago, miopia gero eta gazteagoen artean atzematen hasi gara; 12-16 urte bitarteko gaztetxoek miopia faltsuak dituztela ikusi dugu. Duela urte batzuk, ez genuen hain kasu goiztiarrik ikusten.
Telelana ere gehitu egin da azkenaldian.
Etxean ordenagailuaren aurrean etengabe egon beharrak presbizia hasiberri kasuak areagotu ditu; 30-40 urtekoen artean aurreratu egin dela igarri da. Lana bulegoan egiten baduzu, ez zaude uneoro pantaila bati begira, begiak ez daude une guztian toki berera begiratzen, baina itxialdian jendea argi gutxigaz aritu da lanean, ordenagailu eramangarriekin eta lantokian baino egoera kaskarragoan.
Begiak nola babestu behar ditugu udan eguzkitik?
Eguzkitako betaurrekoak urte guztian erabili beharko lirateke, ez bakarrik udan. Begiak ondo babestea oso garrantzitsua da, argitasuna eta erradiazioa begi barruan sartzen dira, eta kristalinoa babesten ez badugu arinago agertuko dira kataratak edo kristalinoaren eta erretinaren arazoak. Azalagaz modura gauza bera gertatzen da ikusmenagaz ere; babesten ez baduzu luzera arazoak gertatzen dira.
Zer baldintza eduki behar dituzte eguzkitakoek?
Betaurrekoak optika batean erostea garrantzitsua da, bertan zer behar duzun gomendatuko dizute. Edozein arazo edukiz gero ere, bertan konponduko dizute. Gaur egun edonon saltzen dituzte eguzkitako betaurrekoak, baina ez dira egokiak izaten. Arropa edo osagarri denda batean erosten badituzu, ez dakizu zehazki betaurreko horrek zer iragazki duen edo iragazki hori zer kategoriatakoa den, beharrezko kontrol bat ez dutelako igarotzen. Betaurrekoei zer edo zer gertatzen bazaie ere, arropa edo osagarri dendan ez daukate betaurreko horiek konpontzeko tresnarik ere.
Optikakoak ez diren betaurreko horiek kaltegarriak izan litezke?
Nik beti esan ohi dut, betaurrekoak optikakoak ez badira hobe dela ez janztea. Bestelako dendetan saltzen dituzten betaurrekoen kristalak ilunak izaten dira, baina ez dute babesteko beste neurririk edukitzen. Babes gabeko betaurreko horiek soinean ipintzen dituzunean, horrek bakarrik begira sartzen den argia ilundu egingo dute, besterik ez. Argia iluntzen denean, begi-ninia dilatatu egiten da, eta kristal horiek ez dutenez behar besteko iragazkirik, erradiazio gehiago sartzen da begian eta, beraz, hori betaurrekoak soinean ez eramatea baino kaltegarriagoa da. Presbiziarentzako betaurrekoekin ere antzerako zerbait gertatzen da.
Zer zehazki?
Betaurreko horiek gaur egun edonon saltzen dira, farmazietan eta gasolindegietan, esate baterako. Halako betaurrekoekin jendeak ondo ikusten duela esaten du, baina azkenean ez dira betaurrekoak, lupa antzerakoak dira. Une baterako lagungarri izan daitezke, baina epe luzean ez dira egokiak.
Eguzkitako betaurrekoei dagokienez, hainbat kategoria daude. Gidatzeko denek balio dute?
4 kategoriako iragazkiak, esate baterako, goi-mendietan, eskia edo ur kirolak egiteko daude egokituta, baina gidatzeko ez dira egokiak; tunel batean sartzen bazara, ez duzu ganoraz ikusiko. Eguzkitako betaurrekoei dagokienez, hainbat aukera daude, eta gurea moduko optiketan bakoitzaren beharrei dagokiena gomendatzen eta aholkatzen dugu. Izan ere, ikusmenean eta arazo horiek prebenitzeko gaietan adituak gara.